Lesakako Tantirumairu, Berako Labiaga eta Baztan ikastoletako Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako 55 ikasleak bildu ziren astearte goizean Lesakako udal pilotalekuan, Nafarroen Ikastolen Elkarteak antolatutako Ikaspilota izeneko jardueran parte hartzera. Joseba Lasarte, Tantirumairu ikastolako zuzendariak aipatu duenez, 70 bat neska-mutiko espero zituzten, baina eritasunen ondorioz, guttiago izan dira. Lehen aldia da Lesakak Ikaspilota hartzen duena, orain arte Beran eta Elizondon egin baita. Herri kirolarekin eta arraunarekin lotutako topaketak ere egiten dituze ikasturtean zehar. Beroketak egin ondotik, pilotariak txokotan banatu eta topaketa egin dute, txoko bakoitzean joku ezberdin bat proposatuz neska-mutikoei: batzuk eskuz aritu dira, bertzeak palaz, plastikozko guanteekin, punttuan, xibarekin… Txoko bakoitzean 10-15 minutu jolasten ibili ondotik, txokoz aldatzen zuten.
Nafarroako Ikastolen Elkartetik eta Tantirumairu ikastolatik garbi utzi nahi izan dute Ikaspilotaren helburua ez dela txapelketa bat egitea edo pilotari onena zein den aukeratzea, helburu aberatsagoak baizik: pilotaz gozatzea, elkar ezagutzea, ikasleean arteko harremanak sortzea edo sendotzea eta azken finean, pilotaren aitzakiaz eta pilotaren inguruan kirolari bere garrantzia ematea.