Urriaren 30etik bazen zer egin herrian. Zahar Txokon Marimendi Euskal Herriko emakume mendigoizaleen taldeak emaniko solasaldiaz gain, Ekaitza Elkartean Julio Soto eta Jon Maiarekin bertso afaria izan zen eta 40tik goiti afaltiar bildu ziren. Gainera, batzuk ezin izan zuten afaltzera joan, txartelik gabe gelditu zirelako. Giro ederrean pasatu zuten afalondoa. Larunbat arratsaldez, frontoia eta eskola gaztetxo eta gurasoez bete ziren. Tor magoak eta Zurrumurru taldeak emanaldi politak eskaini zituzten.
Igandean, azaroaren 1ean, XV. aldiz Baserritarren Eguna ospatu zen. Goizean goizetik baserri nahiz herrikoak frontoi aldera hurbildu ziren postuak hornitzera. Erakusteta eta salmentarako frontoiko gunea polit zegoen: eskulanak, barazkiak, goxokiak, zerrikiak, botika naturalak, etxeko tresnak, taloak… 30etik goiti postu paratu ziren. Frontoi atarian, aziendak ikusi ahal izan ziren.
Ahari lehiaketa
Aurten lehen aldiz Ahari Lehiaketa egin zen eta sari nagusia, 60 euro, Eguzkialdeko Larrainekoborda baserrira joan zen; bigarren saria, 30 eurokoa, Bordalarrea auzoko Martinekobordako ahari batek hartu zuen.
Gazta lehiaketa
V. Gazta Lehiaketan, 12 gaztak parte hartu zuten. Serorenbordako Margari Madariagak 60 euroko saria jaso zuen.
Gaztak aurkeztu zituzten gainerako baserriak hauek izan ziren: Otsarra, Eguzkialdea eta Bordalarreako Ximonenborda baserriak, Martixenekoborda, Tuanekoborda, Senberro, Laraburukoborda, Martinekoborda, Albiz eta Aientsako Gaxtelenekoborda eta Osildekoborda.
Ekoizleek emaniko produktuekin osatutako zarea, berriz, Aiora Iturriak irabazi zuen.