Joan den urteko urriaren 31n ireki zirenetik urtea bete denean, 1.248 bisitari izan dituzte komentuan dauden Turismo Bulegoak eta Burdinaren Etxeak. Joan den urteko azken bi hilabetetan 259 bisitari izan ziren, aunitz herrikoak, erakusketa eta turismo baliabide berria ikustera sartu zirenak. Aurten, urriaren 31 bitarte 989 bisitari izan dira, gehienak udako hilabeteetan (193 abuztuan eta 144 uztailean), baina apirilean ere 134 bisitari hurbildu ziren, Aste Santua tartean izaki. Gainerako hilabeteei dagokienez, ekainean 118 lagun sartu ziren, martxoan 93, urrian 88, irailean 71, maiatzean 63, urtarrilean 46 eta otsailean 39. Mattane Rodriguez Turismo Bulegoko arduradunaren erranetan, «kanpotarrek Burdinaren Etxea hagitz ongi baloratu izan dute beti, baita herria bera ere. Udan kanpotik etorri diren turista gehienak katalanak, valentziarrak eta madrildarrak izan dira. Bertzalde, Euskal Herritik ere etorri dire; Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiatik, orden horretan. Urriko zubian, eta udazkeneko asteburuetan, Aragoitik ere etorri dira».
Museora sartzen denak, MP4 bat izaten du azalpena aditzeko, lau hizkuntzatan, eta ondotik zerbait gehiago jakiteko edo zalantzak argitzeko dago Mattane. Lehenago abisatuta taldeak etortzen badira, Pedro Lanz arotza bera gustura agertzen da azalpenak emateko. Herriko turismo eskaintza hobetu duela uste du Mattanek.