Lerro konbinatua martxan paratzeko lanak abenduan hasiko ditu Arcelorrek

TTIPI TTAPA 2009ko azaroaren 16a

2012ko ilbeltzerako Legasako lantegia Nafarroako GObernuaren esku egonen da. Fermin ETXEKOLONEA

Bi hilabete eta erdiz geldirik egonen da galbanizatua

ArcelorMittal multinazionalak abenduaren 9an, 06:00etan, hasiko ditu Lesakako lantegian egitekoak dituen obrak. Bidasoa Planaren baitan, 35 milioi euroko inbertsioa egin behar du Lesakan eta krisiak hilabete batzuetako atzerapena ekarri badu ere, sindikatuengan itxaropena piz­tu du azkenean inber­tsioa eginen dela jakiteak. Lerro konbinatua deritzona paratuko da Lesakan, pintatu edota galbanizatzeko gaitasuna duen makineria da, eta merkatuan dagoen puntako teknologia erabiliko omen da.

Lanak zatika
Abenduaren 9an hasiko dira lanaren lehen zatiarekin eta iragarri dutenez, otsail akaberarako eginak egonen dira. Bi hilabete eta erdi horre­tan, galbanizatua geldirik egonen da eta LAB, ELA eta UGT sindikatuen arabera, horrek eragina izanen du gainerakoan: «baliteke, galbanizatua geldituta bertzee­tan lana zerbait jaistea», adierazi digu LAB­eko Joxe Mari Lasagak. Bide beretik jo du ELAko Aurelio Gutierrezek ere: «Lesakako lantegiaren produkzioaren %50 baino gehiago galbaniza­tuarekin lotuta dago». UGTko Patxi Altxuk ere «gehiena galbanizatuaren inguruan mugitzen dela» aipatu digu, eta beraz, «Lesakako fabrikan motelaldia izanen dugu».
«Obraren lehen fase hau otsail hondarrerako nahitaez akitua egon behar duela adierazi digute». Horrela azaldu digu Lasagak. Eta horrekin, galbanizatua berriz paratuko da martxan.

2012rako %100ean martxan
Baina, lerro konbinatua beranduago sartuko da funtzionamenduan: «Aste Santuko geldialdian sei metroko altuera eman behar diote teilatuari, eta hurrengo kolpean makineria instalatuko da», dio Altxuk. Gaineratu digunez, «2012ko ilbeltzerako Legasako lantegia Nafarroako Gobernuaren esku geldituko dela aurreikusia dago, eta hango langile guztiek Lesakan egon beharko dute ordurako». Gutierrezek, berriz, 2011n probak egiten hasiko direla erran digu,eta 2012rako «guztiz produktiboa» izanen dela.
Langileei dagokienean, inbertsio berri honekin, Lesaka eta Legasa artean dagoen 840 laguneko plantila 628ra mu­rriz­tuko da. Eta Legasako 70 langile Lesakan hasiko dira. Horretarako, bertzeak ber­tze, ilbeltzaren 1etik aitzi­nera, 1950, 1951 eta 1952an jaiotakoak erre­gulazioan egonen dira 60 urtera ailegatu bitarte.

Etorkizuna? ‘ona’
LABek «lerro konbinatuarekin etorkizuna ikusten dio lantegiari». Obra­ hasieran iragarri baino beranduago egin izanak «kezka» eragin ziela ere aitortu digu Lasagak: «Obra hilabete batzuk gibeleratu zen eta kezkatu egin ginen. Oztopoak bazirela erran ziguten. Izan ere, lerro konbi­natu hau leku aunitzetan egin nahi zuten, eta fran­tse­sak, erraterako, indar­tsu zeuden han egiteko».
UGTk ere «etorkizun garbia» ikusten dio Lesakako lantegiari. «Eskualdean etorkizun garbiena duen en­pre­setako bat da», dio Altxuk.
Gutierrezen hitzetan, etorkizun «ona» du. «Ho­rre­tarako onartu genuen Bidasoa Plana. Plan honek eskualdearen etorkizuna bermatzen du. Bertzela, «ez luke bideragarritasunik» edukiko.

Eregulazioa ekainera bitarte luzatzeko arriskuan
Uda hasieratik, erregulazioan daude ArcelorMittaleko langileak. Eta badirudi, abenduaren 31n akitzekoa den erregulazioa 2010eko ekainera arte luzatu nahi duela zuzendaritzak.

Joxe Mari Lasaga-LAB: «Obraren lehen faseak otsail hondarrerako akitua egon behar duela adierazi digute»

Aurelio Gutierrez, ELA: «2011n probak egiten hasiko dira eta 2012rako guztiz produktiboa izanen da»

Patxi Altxu, UGT: «Eskualdean etorkizun garbiena duen enpresetako bat da Lesaka­ko ArcelorMittal»

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun