Badu zerbait Berak musikarekin. Eta inork ez du ukatuko herrian dagoen musikarako afizioa. Musika taldeak, txaranga, musikari eta kantari ezagunak, talde ezagunetan jotzen duten musikariak, musika banda… Eta zaletasuna betidanik egon den arren, afizio horri bultzada indartsua eman diona musika eskola izan da. Aurten 30 urte bete dituen Isidoro Fagoaga Musika Eskola, hain zuzen.
Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskola eraikitzeko lehenbiziko urratsak 1979an eman ziren. Modu batera edo bertzera, ordura arte ere, musikaren inguruan jendea mugitzen zen, baina 79a data erabakiorra izan zen. Urte horretan hasi baitziren «ofizialki» lanean.
Begoña Rudi izan zen Berako Musika Eskolako lehenbiziko irakaslea. Ordurako musika klase partikularrak ematen zituen etxean, baina bertze pauso bat eman nahi izan zuen. «Ordurako Lesakan Musika Eskola bazegoen, eta nola funtzionatzen zuten enteratu nintzen. Garai hartan, hain juxtu, Berako Herriko Etxean musikariekin bilera bat egin zuten eta harat joan nintzen nire proposamenarekin», azaldu digu Rudik. Eta bere asmoa aitzinera atera zen. «Josu Goia, Jaime Elgorriaga eta hirurak Iruñeko Pablo Sarasate kontserbatoriora joan ginen informazio eske». Egin behar zena euren gain hartu eta horrela hasi zen lanean Musika Eskola.
Aski baliabide guttirekin, «oztopo aunitzekin baina ilusio haundiarekin», orain Labiaga Ikastola dagoen egoitzan hasi ziren lehen solfeo klaseak, berogailurik eta aunitzetan mahairik gabe», dio Rudik. Handik orain Kultur Etxea dagoen tokira joan ziren, eta gero Ricardo Barojara. Eta poliki-poliki, musika tresnak ere sartuz joan ziren: pianoa, akordeoia, txistua, gitarra... Azkenean, Herriko Etxeko lehenbiziko solairuan lokala lortu zuten. «Ikaragarria izan zen hura».
1991n ateak zabalik
Gaur egun musika eskola dena 1991n zabaldu zen. Bortziriak, Malerreka eta Baztanentzat kontserbatorioa egitea zen Udalaren asmoa eta horretarako eraikin bat beharrezkoa zen. Proiektua, ordea, «potoloegia» izaki –horrela iritzi dio Rudik–, dena bertan behera gelditu zen. Eta musika eskolan gelditu zen guztia.
Udala Nafarroako Gobernuarekin jarri zen harremanetan, eta honek musika eskola publikoa egitekotan, gastuaren %33 bere gain hartuko zuela hitz eman zien. Bertze %33 Udala ordaintzekotan gelditu zen, eta gainerakoa gurasoen esku. «Esan bai, baina bete ez», azaldu du azken urteotan eskolako zuzendaria den Lourdes Izak. Musika eskola eraiki, irakasleak oposaketa publikoen bidez kontratatu, materiala erosi... Dena egin zen, baina «Nafarroako Gobernuak ez zuen esandakoa bete, eta Udalak bere gain hartu behar izan zuen dena».
Zailtasunak zailtasun martxan jarri zen musika eskola, eta geroztik ez du etenik izan. Gorabeherak, ordea, bai. Jaiotza-tasan izandako beherakadagatik. «Normalean, haurrak zazpi urterekin hasten dira eta duela zortzi urte zazpi urteko haur gutti jaio zen. Eta zortzi irakasle izanik, urtean sei-zazpi ikasle apuntatuz, irakasle bakoitzarentzako ikasle bat ere ez zegoen», aipatu du Lourdesek. Horrek bere ondorioak ekarri zituen. Eta ordura arte lanaldi osoarekin hiru langile baziren, ikasle kopuruaren beherakadarekin, bi gelditu ziren lanaldi osoarekin.
Baina aspaldi honetan egoerari buelta emana diote. Begoña Rudiren 30 ikaslerekin hasi zen ekimena, 3 eta 70 urte arteko 160 ikasle eta zortzi irakasle izatera ailegatu da. Eta eskaintza ere zabala dute: klarinetea, saxofoia, tronpeta, gitarra –klasikoa, elektrikoa eta baxua–, txistua eta danbolina, pianoa, teklatua, akordeoia, trikitixa, bibolina eta perkusioak ikas daitezke. Horrez gain, 3-7 urte artekoentzat musika eta mugimendua dago, eta zaharragoentzat hizkuntza musikala. Gaztetxo eta helduen abesbatzak ere badituzte.
Beratarrez gain, ikasleak inguruko herrietatik ere etortzen hasi direla nabarmendu digu zuzendariak: «Sara, Igantzi, Etxalar...». Krisiaren eragina ez omen dute horrenbertze nabaritu, eta gaineratu digunez, «ikasle helduak gero eta gehiago dira».
Isidoro Fagoaga Musika Eskolatik ateratako musikari eta kantari ezagunak ere ez dira gutti. Denen berri ematea ezinezkoa, baina batzuk aipatzekotan hauek egin daitezke: Joseba Iratzoki musikaria, Igor Telletxea bateria-jolea –musika eskolako irakaslea eta Pantxoa eta Peiorekin dabilena–, Leire Telletxea akordeoilaria –musikako karrera bukatu du–, Estitxu Pinatxo kantaria –Iruñeko talde batean ari da–, Sexty Sexers eta Borrokan musika taldeak, Jon Iratzoki txistularia –Donostiako bandan–, Izadi txaranga... Zerrenda luzea da. Eta horrelako emaitzak ikusita, irakasleak pozik, noski. «Aberasgarria da», aipatu digu zuzendariak.
Duela 20 urte utzi zuen musika eskola Begoña Rudik, eta orain Labiaga Ikastolako musika irakaslea da. Hasierako esfortzu hark merezi zuen galdetuta, bi aldiz pentsatu gabe erantzun digu: «bai, are gehiago gaur egun nola dagoen ikusita». «Hagitz ongi dago».
Aurrekontua eta dirulaguntzak
Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskola patronatu batek kudeatzen du egun, eta patronatu hori lau zinegotzik, bi irakaslek, bi ikaslek eta bi gurasok osatzen dute.
250.000 euroko aurrekontua onartu dute ikasturte honetarako. Eta Nafarroako Gobernuak dirulaguntza ematen dien arren, ez da nahikoa. Joan den urtean, erraterako, 42.000 euro eman zizkien, «eta horrelako aurrekontu batentzat zer da hori?», galdetu du zuzendariak. %33 gurasoek ordaintzen dute eta gainerakoa Udalak.
Herrian 30 urte baino gehiagotan egin izan da musika. Urtetik urtera, musikarenganako zaletasuna transmititu diote beratarrek belaunaldi berriei. Baina bide horretan Isidoro Musika Eskolaren lana mugarri izan da eta 30 urte horretan aritzea bada ospatzeko modukoa. Hasierako esfortzu hark, beraz, merezi zuen.
Urteroko hitzorduak eta ekitaldi bereziak
Inauteriak, udaberriko kontzertua, Bestaberri Eguna, Sanestebanak, Lurraren Eguna, Santa Zezilia Eguna, Eguberrietako kontzertua... Horiek izan ohi dira urtero hutsik egiten ez duten hitzorduak. «Herriak musika behar duenean, hor egoten saiatzen gara», erran digu Lourdes Izak.
Baina urteurrenaren harira, bertzelako ekitaldiak ere prestatu dituzte ikasturte honetan. Lurraren Egunean, adibidez, kalejira berezia egin zuten Isidoro Fagoagaren irudia duen buruhaundiarekin. Eskolatik pasatutako musikari ezagunekin ere emanaldiak antolatuak dituzte. Urrian Joseba Iratzokik kontzertua eman zuen eta azaroaren 7an Ametsa Gazte abesbatzak saioa eskaintzekoa zuen –koruko zuzendaria eskolan ari da lanean–. Eta hurrengo zitak hauek izanen dira:
•Azaroak 19: Leire Telletxea akordeoilariaren emanaldia, 18:30ean Musika Eskolan.
•Azaroak 26: Santa Zezilia Egunean kontzertua eta diploma banaketa, 18:00etan Musika Eskolan.
•Abenduan: Josu Goiaren emanaldia.
•2010eko maiatza: antzerkia, «30 urteotan bizitu dugunaren inguruan». Horretarako Lamixene Bat antzerki taldearekin harremanetan jarri dira eta hauek gidoia egiten ari zaizkie.