“Osasuna eta segurtasuna mendiko jardueretan” Mintegia eginen da azaroaren 14an, larunbatean, Berako Labiaga ikastolan, Altzateko egoitzan. Ohiko mendizaleen segurtasuna, prestakuntza eta istripuen prebentzioari buruzko hitzaldi labur eta argiak emanen dira.
Goizeko 9:00etan dokumentuak emanen dira eta segidan mintegia aurkeztuko da. 9:45ean, “Istripuen jatorria eta arrazoiak. Aurrea hartzea mendian” solasaldia eskainiko du Iruñeko Xabier Garaioak. 10:30ean, “Lehen laguntzak I: bizia salbatzeko urgentziazko neurriak. Bihotz-biriketako oinarrizko bizkortzea. Zaurituak mobilizatzea eta garraiatzea” solasaldia emanen du euskaraz Zuriñe Foronda gasteiztarrak. Kafea hartzeko atsedenaldiaren ondotik, 12:00etan “Lehen laguntzak II: lesioen ebaluazio orokorra. Zauriak eta beste istripu batzuk. Loturak ipintzea eta inmobilizatzea” solasaldia eskainiko du Gasteizko Jon Armentiak. 13:00etan, “Mendian elikatzea eta urez hornitzea. Higienearekin lotutako alderdiak” landuko ditu euskaraz Ana Argote tolosarrak. Bazkaltzeko etenaldiaren ondotik segida izanen du mintegiak. Jon Beaskoetxea plentziarrak “Sorospena mendian. Nola jokatu behar da premia dagoenean? Salbamendu taldeen funtzionamendua” gaia landuko du euskaraz. 17:00etan “Gizakiaren gorputza eta ingurumen faktoreak: egokitzea” solasaldiak eskainiko du Kepa Lizarraga bilbotarrak. Etenaldi ttiki baten ondotik, 18:15ean, “Mendian erabili beharreko arropak eta oinetakoak. Bizkar zorroa, makilak eta betaurrekoak” gaiaz arituko da Kepa Lizarraga bilbotarra eta 19:00etan, Iruñeko Xabier Garaioak, “Garaieraren mediku eta osasun alderdiak: bidaldia eta trekkinga” hartuko du hizpide. Egun osoko prezioa, janaria eta dokumentuak barne, 15 eurokoa da.
Mintegia bukatzeko, 20:00etan, Berako Kultur Etxean Edurne Pasaban Kanchenjungan mendiko emanaldia eskainiko da. Sarrera doan izanen da eta edonor sartu daiteke.
Argibideak eta izen ematea Nafarroako Mendi eta Eskalada Kirolen Federazioan egin behar da, 948 224683 telefonoan edo ino@mendinavarra.com helbidean.