“Bera: Herrian txirrindula” proiektua abiatu da

Aitor AROTZENA 2009ko azaroaren 12a

Herrigunean bizikletaren erabilera bultzatu nahi da egitasmo berri honekin. Aitor AROTZENA

Asteazken arratsaldean egin zuten lehen bilera eta bizikletaren erabilera sustatu nahi da

Berako herrigunean, eguneroko joan etorrietan bizikletaren erabilera sustatu eta bertze mugikortasun modu jasangarri edo iraunkorrak (oinezkoa, garraio kolektiboa zein partekatutako autoa) bultzatzeko esperientzi pilotu bat hastera doa. Proiektu honi, herriko karrika batean ikusitako eslogan bat jasoz, “Herrian Txirrindula” deitzeko asmoa daukate, asteazken arratsaldean Berako Herriko Etxean egindako bileran jakinarazi zenez.
CRANA Nafarroako Ingurumen Baliabide Zentroak, Europako Komisioak Europarentzako Energia Zentzuduna programaren bitartez finantzatutako Added Value proiektuaren barrenean, Nafarroan txirrindularen erabilera mugikortasun modu bezala sustatzeko helburuarekin, Oraintxe S.L. enpresa aholkularitza teknikoa egiteko kontratatu du esperientzi pilotu honen gidaritzarako.
Lan hau aitzinera eramateko, Berako barne mugikortasuna aztertuko dute lehenik, bidai erakarle zein eragile diren lekuak, mugitzeko moduak, puntu arriskutsuak edo arazodunak, eragozpenak… Bizikletarekin erlazionatutako azpiegituren egoera eta segurtasuna ere aztertuko da, bide seguruak, aparkalekuak, maldak, bertze garraio mota zein oinezkoekin elkarbizitza eta gisakoak. Giza eragileei oinez ibiltzearen zein bizikletaren eguneroko erabileraren onura orokorrak eta norbanakoarentzakoak helaraziko zaie eta, aldi berean, giza eragileekin, analisi eta proposamen partaidetza prozesu bat martxan jarriko da.
Bizikletaren erabilera sustatzeko neurri zehatzen inguruko akordioa gauzatuko da gero eta esperientzi pilotu hau bukatzerakoan, bizikletaren erabilera sustatzen segitzeko lan ildoak ezarriko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun