Xorroxinen Irrati ibiltaria Bortzirietako ikastetxetan dabil

TTIPI TTAPA 2009ko azaroaren 10a

Urriko azken astean Berako Labiaga ikastolan izan zen Xorroxinen irrati ibiltaria. Utzitako argazkiak

Berako Labiaga eta Lesakako Tantirumairu ikastoletan izan ondotik, aste honetan Berako Ricardo Baroja eskola publikoan eta heldu den astean Igantzikoan izanen da

Bertze urtetan egin ohi duen bezala, ikasturte honetan ere Xorroxinen irrati ibiltaria ailegatzen ari da Bortzirietako ikastetxetara. Urriaren 29an eta 30ean, argazkian ageri den bezala, Berako Labiaga ikastolan izan ziren; azaroko lehen astean Lesakako Tantirumairu ikastolara ailegatu ziren mikrofonoak, soinu-mahaiak eta antenak; aste honetan Berako Ricardo Baroja eskola publikoan daude eta heldu den astean Igantziko eskolan izanen dira.
Xorroxin Irratiko langileek azalpen tekniko labur bat ematen dute ikastetxetan, baina gero Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasle eta irakasleak izaten dira irratsaioaren gidoia, prestaketa, egitea eta aireratzea egiten dutenak. FMko 107,9 aditzen ahal dira irratsaioak, baina antenaren ahalmena laburra denez, herri bakoitzean bakarrik entzuten da normalean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun