Joan den urteko urriaren 31n ireki zirenetik urtea bete denean, 1.248 bisitari izan dituzte komentuko beheitiko solairuan kokatua dauden Turismo Bulegoak eta Burdinaren Etxeak. Joan den urteko azken bi hilabetetan 259 bisitari izan ziren, aunitz herrikoak, erakusketa eta turismo baliabide berria ikustera sartu zirenak. Aurten, urriaren 31 bitarte 989 bisitari izan dira, gehienak udako hilabeteetan (193 abuztuan eta 144 uztailean), baina apirilean ere 134 bisitari hurbildu ziren, Aste Santua tartean izaki. Gainerako hilabeteei dagokienez, ekainean 118 lagun sartu ziren, martxoan 93, urrian 88, irailean 71, maiatzean 63, urtarrilean 46 eta otsailean 39. Mattane Rodriguez Turismo Bulegoko arduradunaren erranetan, «kanpotarrek Burdinaren Etxea hagitz ongi baloratu izan dute beti, baita herria bera ere. Udan kanpotik etorri diren turista gehienak Katalanak, Valentziarrak eta Madrildarrak izan dire. Bertzalde, Euskal Herritik ere etorri dire; Nafarroatik, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiatik, orden horretan. Urriko zubian, eta udazkeneko asteburutan, Aragoitik ere etorri dira».
Azalpena lau hizkuntzatan
Museora sartzen denak, MP4 bat izaten du azalpena aditzeko, 4 hizkuntzatan, eta ondotik zerbait gehiago jakiteko edo zalantzak argitzeko dago Mattane. Lehenago abisatuta taldeak etortzen badira, Pedro Lanz arotza bera gustura agertzen da azalpenak emateko. Herriko jendearentzat erakusketa gustagarria da, garai bateko kontuak ikusten dituelako eta kanpokotarrentzat tresna eta gauza aunitz berriak dira, «aunitzek ez dakite danbolina, kisulabea edo txondorra zer diren eta interesgarria iruditzen zaie» dio Mattane Rodriguezek. Burdinaren Etxeak herriko turismo eskaintza nabarmen hobetu duela uste du. Nabari da euria edo eguraldi txarra egiten duenean, jendea gehiago etortzen dela, aukera dute goiza edo atsaldea bertan igarotzeko.
Ordutegia
Burdinaren Etxea asteartetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara eta igandetan 10:00etatik 14:00etara zabalik izaten da goi denboraldian. Behe denboraldian berriz, asteartetik ortziralera 9:00etatik 14:00etara, larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara eta igandetan 10:00etatik 14:00etara. Urte osoan astelehenetan itxia egoten da.