Eguraldi kaxkarrari aurpegi ona paratu zioten igandean Lesakako neska-mutikoek eta Haurraren Eguna umorez ospatu zuten.
Hasiera batean goiz-arratsaldez egitekoak ziren ekitaldiak, baina eguraldi kaxkarraren ondorioz, eta goizez egitekoak plazan edo arkupetan egin beharrak zirenez, Irain eta Tantirumairuko Guraso Elkartetako antolatzaileek ekitaldi guziak arratsaldean udal pilotalekuaren babesean egitea erabaki zuten. Honela, haurrek eskulanetan aritzeko, beraien loreak ereiteko, jokuetan aritzeko, aurpegia margotzeko eta goxo-goxo berendatzeko modua izan zuten, musikaren laguntzaz.
Euriak, haizeak eta kazkabarrak ez zuen etxetik ateratzeko gogorik ematen, baina guraso eta seme-alabek ederki pasatu zuten. Gurasoek eskerrak eman nahi dizkiete frontoiko arduradunei, arrats partean tortilla, txistorra eta odolki pintxo goxoak prestatzeaz gain, beraiek arduratu baitziren garbiketa lanetaz ere.