Ortziral honetan, azaroaren 6an, hasiera emanen zaio Berako Kafe Antzerki Zikloaren hamaikagarren edizioari. Zikloa euskara batzordeak antolatzen du, Berako Kultur Batzordearen eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen laguntzarekin, eta helburu du euskarazko antzerkia ostatuetara, eta, oro har, jendea biltzen den tokietara, eramatea.
Aurten zikloaren barrenean hiru emanaldi antolatu dira. Lehenbizikoa azaroaren 6an izanen da, 22:00etan, Errekalde ostatuan. Antzezlana “Pantxika Lamur” izanen da, Zirika Zirkus taldearena. Protanogista, pailazo bat, ikuskizun bat ikustera sartuko da, eta zain dagoen bitartean jendearekin harremanean hasiko da. Artistarik ez denez heldu, berehala eszenatokiaren jabe eginen da.
Azaroaren 13an Txirene taldea Ikuilun
Azaroaren 13an, berriz 22:00etan, eta Ikuilu ostatuan, Txirene taldeak “Gezurrezko printzea” antzeztuko du. Senarraren bizitzan erabat murgiduta dagoen andre baten bizitza kontatzen du lan honek. Senarraren ama gaixotu, eta andreak hartuko du hura zaintzeko ardura. Senarraren bizitza, ordea, ez da aldatuko. Erabat etsita, andreak harremana hausteko erabakia hartuko du.
Azaroaren 27an Apurka taldea Xugan
Azken emanaldia azaroaren 27an izanen da (azaroaren 20an ez da emanaldirik izanen). Xuga ostatuan, Apurka taldeak “Han izan ezik, hona naiz” eskainiko du. Joseba Sarrionandiaren lau ipuin txikitan oinarritutako ikuskizuna da. Ipuin laburrak dira, baina trinkoak, sugerentziez eta bitxikeriez beteak, kutsu poetiko bezain absurdoa darienak. Irtenbide gabeko egoeren arteko jokoa, umore gaziarekin nahasia, gizakiaren patua bere gordintasunean agertzeko.