Berako kultur eta kirol elkarteek dirulaguntzak eskatzeko epea zabaldu du Udalak eta eskaerak azaroaren 2tik 30era arte aurkeztu beharko dira Herriko etxeko bulegoetan. Ez dira onartuko epez kanpo aurkeztutako eskaerak, ezta Kultur etxean, Kiroldegian edo e-postaz aurkeztutakoak ere.
Dirulaguntzen esleipendunei ebazpen baten bidez jakinaraziko zaie emandako diru-kopurua.
Kirol ekitaldiak
Kirolean bi dirulaguntza mota izanen dira: Kirol praktika deritzona, denboraldi luzea duten jarduerak, alegia, liga bat dutenak, urte osoan zehar egiten diren mendi irteerak, astero entrenatzen den kirolen bat eta gisakoak, alde batetik eta bertze aldetik, egun batean egiten diren kirol ekitaldiak.
Kirol praktikari dirulaguntza osoaren %80a ematen zaio eta kirol ekitaldiei gainerako %20a. Eskaera guztien artean banatzen dira irizpide batzuk jarraikiz.
Kirol praktikari dagokion dirulaguntza onartu eta egun batzuetara egokitutako kopuruaren %50a ematen da, eta urte hondarrean ebaluazio orria entregatzean gainerakoa; hau da, gehinez ere, bertze %50a.
Kirol ekitaldia denean, aldiz, egun bakar batean egiten denez, egiten den egunetik hurrengo 30 egunen barnean entregatu beharko dute ebaluazio orria eta memoria ekonomikoa -hau da, gastuen justifikazioa-; ondotik, ordainduko zaie dagokien dirulaguntza, betiere dena ongi justifikatua badago.
Dirulaguntzak emateko irizpideen inguruan argibide gehiago nahi izanez gero, galdetu Udal Kirol Zerbitzuaren bulegoetan.
Kultur ekitaldiak
Kultur ekitaldiak egiten diren egunetik hurrengo 30 egunen barnean entregatu beharko dute ebaluazio orria eta memoria ekonomikoa -hau da, gastuen justifikazioa-; ondotik, ordainduko zaie dagokien dirulaguntza, betiere dena ongi justifikatua badago.
Dirulaguntzak emateko irizpideen inguruan argibide gehiago nahi izanez gero begiratu web orrian dagoen Kultur Batzordeko atala edo galdetu Udaleko Kultur etxean.