Bi urtez eta hilabete batez etsipenez eta isilean milaka kamioien joan-etorria sufritu ondotik, eguraldiaren arabera lohi edo hauts artean, argindarra, telefonoa, edo bidearen mozketa jasa ondotik, honako hau salatu nahi dugu jendaurrean:
1- Baserri ondoko belagiaren egoera, lurren zabortegi bezala erabilia, hesitu gabe eta harriz betea.
2- Bere garaian alegazioak aurkeztu genituen eta Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 70. Zenbakian agertu direnak ere ez dira bete, honako hau agertzen baita 11. puntuan: Proiektuan, kaltetua suertatu den ur-depositua bezalako bertze bat eraikitzea sartua dago, baita tuberi berria egitea ere. Baina gaur egun tuberia zati bat agerian dago eta neguan ura hormatu egiten da.
3- Baserriko teilatuan sortutako kalteak ere konpondu gabe daude, ittoxura ugari ditugu eta baldintza hauetan bigarren negu atarian gaude.
4- Arestian aipatutako Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 12. puntuan ageri denez, «kaltetua suertatu den bidea ordezkatzeko bide berri bat eraikitzea proiektatu da, zubibide berriaren azpitik pasatuz eta errepide berriaren paraleloan joanen dena». Hemen dator, basoa gainezka jartzen duen ttantta, izan ere, edozein adjetibo negatibo jartzeko moduko bidaxka egin baitute, arriskutsua, penagarria, sinistezina, erabili ezina, etabar… ahuntz-bidea gehiago ematen du, kirol eskaladan edo trialean trebatzeko egokia.
Zerunetako bizilagunok egin den bidea ikustera gonbidatzen dugu nahi duen guzia eta honela bere ondorioak aterako ditu.
Zeruneta baserria Berrizaun (IGANTZI)