Berrizaungo Zerunetako bizilagunak kexu N-121Ako lanen ondorioekin

TTIPI TTAPA 2009ko azaroaren 3a

Belagiaren ordez harriak utzi dituzte Zeruneta atarian. Garai bateko bidexka errepide berrian hiltzen da eta trukean egin dioten «bidea» aski kaxkarra da bigarren argazkian ageri denez. Fermin ETXEKOL

Baserriko teilatua hondatua dago, belagian harriak utzi dituzte eta bide kaxkarra egin diete

Berrizaun auzoko Zerunetako bizilagunek bere kezka eta arrenkura azaldu dute, N-121A erre­pideko berrikuntza lanen ondorioz baserriko teilatua, ondoko belagia eta bidea gelditu diren egoeragatik.
Sunbilla eta Etxalar arteko zatia ireki duten honetan, arazoa bazter batera utzi baino lehen salaketa egin nahi izan dute, «bi urtez eta hilabete batez etsipenez eta isilean milaka kamioien joan-etorria sufritu ondotik, eguraldiaren arabera lohi edo hauts artean, argindarra, telefonoa, edo bidea moztuta».

Zerunetakoek base­rri ondoko belagiaren egoera ere salatu dute, «lurren zabortegi bezala erabilia, hesitu gabe eta harriz betea». Bere garaian alegazioak aurkeztu ziren eta Nafa­rroako Aldizkari Ofizialean agertu direnak ere ez direla bete adierazi dute. Honela, kaltetua suertatu den ur-depositua bezalako bertze bat eraikitzea eta tuberi be­rria egitea ageri da proiek­tuan, baina gaur egun tuberia zati bat agerian dago eta neguan ura hormatu egiten da. Baserriko teilatuan sortutako kalteak ere konpondu gabe daude, «ittoxura ugari ditugu eta baldintza hauetan bigarren neguaren atarian gaude».

Bidearen ordez, ahuntz-bidea

Arestian aipatutako Nafarroako Aldizkari Ofizialean ageri denez, «kaltetua suertatu den bidea ordezkatzeko bide be­rri bat eginen da, zubibide berriaren azpitik pasatuz eta errepide berriaren paraleloan joanen dena». Hemen dator, Zerunetako bizilagunen erranetan, «basoa gainezka jar­tzen duen ttan­tta, izan ere, bi aitzurkada emanez, edozein adjek­tibo negatibo jar­tzeko moduko bidaxka egin baitute, arris­kutsua, penagarria, sinestezina, erabili ezina eta abar…  Ahuntz-bidea gehiago ematen du, kirol eskaladan edo trialean treba­tzeko egokia».
Zerunetakoek egin den bidea eta gainerako guzia ikustera gonbitea luzatu diete nahi dutenei, bakoitzak bere ondorioak atera ditzan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun