Azaroaren 1eko Baserritarren Egunak behar bezalako akabaila eman zion Arantzako Kultur Egunei. Eguraldi ederra lagun, baserrietako hainbat barazki, gazta, lukainka, opil eta bertzelako produktuak bildu ziren frontoian. Plazan berriz, ardi eta ahareekin batera, akerrak, ahuntzak, oiloak eta pottokaren bat edo bertze ikus zitekeen.
Aharerik onena Larrainekobordakoa
Aurten lehen aldiz Ahare lehiaketa antolatu zuen Ekaitza elkarteak eta lau buru aurkeztu ziren, Martinekobordatik bi eta Larrainekobordatik eta Ximoneatik bana. Miguel Angel Napal Berako albaiteroa aritu zen epaile lanean eta Larrainekobordako ahareak irabazi zuen 60 euroko lehen saria eta Martinekobordakoak 30 euroko bigarrena.
Gazta lehiaketan Serorenborda garaile
Frontoian berriz, jendeak produktuak ikusi, dastatu eta erosten zuen bitartean, bosgarren gazta lehiaketa burutzen ari zen. Barbara Lukanbio, Maixe Fagoaga, Elvira Oskoz, Imanol Artola, Erramun San Juan eta Gregorio Mitxelenak osatutako epaimahaiak nahikoa lan izan zuen aurkeztutako hamabi gazten artean aukeratzen. Lehenbiziko itzulian horietatik hiru aukeratu zituzten azken faserako, Serorenbordakoa, Albizekoa eta Osildekobordakoa. Azkenean, Serorenbordako Margari Madariagak irabazi zuen 60 euroko lehen saria. Aipatzekoa da, joan den asteburuan Berako Lurraren Egunean ere Serorenbordako gaztak irabazi zuela lehen saria. Beraz, sorterrian ere profeta izan ziren. Partehartzaile guziek 15 euro eman zitzaien gaztak plazaratzeagatik.
Baserriko produktuekin eta bi oilaskorekin osatutako zarea ere zozketatu zen eta Larrainekobordako Patxi Iturriari egokitu zitzaion.
30 postu inguru paratuak ziren Arantzako frontoian, gehienak inoiz hutsik egiten ez dutenak. Honela, Pabloeneako pastelek egundoko arrakasta izan zuten, eta zenbait baserrietatik ekarritako lukainka, gazta eta bertze produktuek gutti iraun zuten beraien postuetan. Mariñenbordako oilaskoak ere ikusteko aukera izan zen. Eskulangileek ere beraien lana erakusten zuten, tartean Luis Madariagaren makilak edo Felix Apezetxeak burdinarekin egindako moto, bizikleta, kamioi eta eskabadora ttikiez gain, aurten lehen aldiz arbel harriarekin egindako ardi eta artzain borda dotoreak plazaratu zituen.
Kultur Egun bikainak
Arantzan giro ederra izan zen aste hondar osoan. Ortziralean Ekaitzan egin zen bertso-afarian gainezka egin zuen elkarteak, eta zenbait sarrerarik gabe gelditu zen Julio Soto eta Jon Maia aditzeko. Marimendi emakume mendizale elkartearen bideoak ere ikusmina sortu zuen. Larunbatean, Tor magoarekin eta Kili-Kolo taldearekin ederki pasatu zuten haurrek.