Sastrinerako mendi martxa zapuztu du bigarren urtez Guardia Zibilak

Amaia eta Ainhoa 2009ko urriaren 28a

Larunbatean egitekoa zen, baina eragotzi egin zutela salatu du Amnistiaren Aldeko Batzordeak

Urriaren 24ean  Lesakan Sastrinera mendi martxa egitekoa zen, Iñaki Fagoaga eta herriko bertze presoei elkartasuna adierazteko, baina joan den urtean bezala, Guardia Zibilak martxa hori zapuztu zuen.
Goizeko bederatzietan zen abiatzekoa martxa plazatik, eta ordurako Guardia Zibilaren sei patrol bertan zeuden. Plazan ez zen inor bildu, baina guardia zibilek goiz osoa bertan eman zuten. Herriko sarrerak itxi zituzten kontrolen bidez, eta herrian bueltaka ibili ziren, jendearen mugimenduak kontrolatzen.

Banaka batzuk bere kabuz mendira igo ziren, baina martxa iristekoa zen lekuan ere Guardia Zibilak zeuden. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu duenez, “lagun talde bat ia ordubetez atxikitua eduki zuten eta bertatik igarotzen ziren ehiztariak ere identifikatuak izan ziren”.


Okupazio militarra salat udu Amnistiaren Aldeko Mugimenduak

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren arabera, “beste behin Guardia Zibilaren okupazio militarra salatu beharrean aurkitzen gara. Azken hilebeteotan bereziki Lesakan ematen ari den okupazio eta jazarpen polizia benetan itogarria dela esan nahi dugu, sektore baten aurkako kontrola eta errepresioa helburu duten jarduerak direlarik hauek guztiak”.

Euskal preso politikoekiko elkartasunez egin asmo zen mendi martxa baten aitzinean “horrenbeste polizia armaz leporaino josita agertzeak erakusten digu norainokoa den herri honetan bizi dugun poliziaren okupazioa eta errepresioa” Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren arabera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun