Mendekotasuna duten pertsonei arreta eskaintzeko enplegu tailerraren aurkezpena egin dute Lesakan

Aitor AROTZENA 2009ko urriaren 28a

Tailerrean parte hartuko duten emakumeak eta Cederna, Lesakako Herriko Etxeko eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuko ordezkariak agertu dira asteazken goizean aurkezpenean. Aitor AROTZENA

Joan den urtean ikasturtea egin zuten emakumeen %80a lanean ari da

Baztan, Bortziriak eta Malerreka eskualdeetan mendekotasuna duten pertsonei zuzendutako arreta zerbitzua izeneko enplegu-tailerra inauguratu da asteazken goizean Lesakan.
Gure eskualdean egiten den bigarren tailer hau Cederna Garalur elkarteak sustatu du, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren  eta Lesaka, Bera, Baztan eta Doneztebeko udalen finantziazioarekin, eta Europako Gizarte Funtsaren finantziazioarekin. UPD-Inafre erakundeak ere lagundu du tailer hau martxan jartzen.
Nafarroako Gobernuak 154.521 euro paratu ditu Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bitartez eta parte hartu duten udalek 18.000 euro ordaindu dituzte denen artean. Edurne Garro, tailerraren zuzendariak adierazi duenez, “garrantzitsua da azpimarratzea toki-entitateek lan-bazterkeria sufritzeko arriskuan dauden pertsonen kualifikazioa lantzeko ekintza honetan izan duten inplikazioa. Iaz ere landu zen halako tailerra, eta aurten jarraipena izan du gaur inauguratutakoarekin”. Garrok emandako datuen arabera, “eskualdean 65 urtetik goitiko biztanleria %21a gainditzen du, Nafarroan orokorrean %17koa da. Horren ondorioz, mendekotasuna duten pertsonen zainketarekin lotura duten zerbitzu gehiago eta kalitate handiagokoak behar dira zonaldean, batez ere emakumea lan-merkatuan txertatzen ari dela kontuan hartuta, izan ere, historikoki beraiek hartu izan baitute beren gain pertsona horien zainketa”.
Tailerraren zuzendariarekin batera, Juan Fermin Mitxelena Lesakako alkatea, Esther Celaya Cederna-Garalur elkartearen zuzendari gerentea eta Jose Luis Ruiz Ciruelos Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren zuzendari-gerentea izan dira, baita tailerrean parte hartu duten 15 ikasleak eta praktikak egiteko erabiliko dituzten egoitzetako eta zentroetako ordezkariak ere.

Enplegu-tailerrak
Enplegu tailerrak enplegua sortzen laguntzeko neurrien barnean kokatzen dira, eta enplegurako eta prestakuntzarako programa mistoa dira, 25 urtez goitiko langabetuei zuzendua; lehentasuna izaten dute emakumeek eta prestakuntza guttiko etorkinek, baldin eta tailerrean ematen den espezializazioarekin lotura duen enpleguaren bila dabiltzan pertsona isa erregistratuta badaude.
Iaz landutako tailerra hizpide hartuta, partehartzaileen %80ak baino gehiagok lortu zuen lanpostua ikastaroa bukatuta. Gainera, pertsona horiek kontrata ditzaketen enpresak prest daude lan-merkatuan lana behar bezala egiten lagunduko dien prestakuntza egokiarekin txertatuko diren pertsona horiek kontratatzen segitzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun