Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakari eta Arantzako alkate den Ainara Maiak eskutitza igorri dio Xabier Azanza, Euskarabideko zuzendari kudea-tzaileari euskarazko komunikabideak 2009an Nafarroako Gobernuaren diru laguntzarik gabe geldituko direla salatzeko eta egoera lehenbailehen zuzentzeko eskatuz.
Ainara Maiaren eskutitzak dioenez, "berriki jakin ahal izan dugu, komunikabideen bitartez, azkenean aurten Nafarroako euskarazko komunikabideak 2009an Nafarroako Gobernuaren diru laguntzarik gabe geldituko direla".
Euskara Mankomunitateko presidentearen erranetan, "gai honek urte hasieratik ezinegona areagotu zuen euskalgintzaren artean Nafarroako Gobernuak 2009ko aurrekontuan kontzeptu honetarako 9.567 euroko diru saila onetsi zuenean. Areagotu, diot, ordura arte beti eskasak izan ziren eta berandu ailegatu ziren diru laguntzak urte batetik bertzera %96,91 murriztu zirelakoz".
Apirilaren 24an Berako Udalera zuzendu zuen eskutitzean Xabier Azanzak adierazi zuenez, "Euskarabidearen helburu nagusietako bat da euskara komunikabideetan ager dadila bultzatzea, eta horretarako, jarraitzen dugu funtsezkotzat jotzen komunikabide horiei diru lagun-tzak ematea, azken urteotan egin den bezala, diru laguntzen deialdien bidez. Horregatik, diru kopuru hori handitzeko gaur egun lanean jarraitzen dugu eta horrela jarraitu behar dugu, 2008ko diru lagun-tza deialdian izan genuen diru kopurua gutxienez erdiesteko. Hori da gure helburua eta horrela izatea espero dugu lehenbailehen, euskarak gero eta toki handiagoa izan dezan gure komunikabideetan."
Martxoaren 31n Bortzirietako udaletako hainbat alkate eta udal ordezkari bildu ziren garai hartan Hezkuntza Departamentuko kontseilari zen Carlos Pérez-Nievasekin. Bilera hartan bertan adierazi zien kontseilariak ordezkariei euskarazko komunikabideentzako 240.000 euroko diru laguntza bideratuko zutela. Hortaz, Euskarabideak deialdia egitea falta zen.
Azken berrien arabera, ordea, Euskarabideak ez du deialdirik egin, eta gobernuak berriz blokeatu du diru laguntza, Ainara Maiaren arabera. "Eta, hasieran erran bezala -dio Mankomunitateko presidenteak- komunikabideak diru laguntzarik gabe geldituko dira aurten, erakunde horretatik eta, oro har, Nafarroako Gobernutik hainbertze aldarrikatzen duzuen 1986ko Euskarari Buruzko Foru Legeak bertzelakorik badio ere".
Gertaera hau guztiz salagarria eta onartezina iruditzen zaio Mankomunitateari. Horregatik, egoera lehenbailehen zuzentzeko eska-tzen diote Azanzari. "Gobernuaren 2009ko aurrekontuak onartu ondotik posible izan bazen hasierako 9.567 euroko diru saila gainditu eta 240.000 euroko diru saila lortzea, uste dugu berriki arte zure esku egon den kantitate hori berreskuratu behar duzula, kinka larrian dauden euskarazko komunikabideen artean banatzeko" dio Ainara Maiak eskutitza buka-tzeko.