Zalain Transformados lantegiko zuzendaritzaren “izururra” salatu du LABek

TTIPI TTAPA 2009ko urriaren 27a

Langileen batzordetik trasmititzen zaionari zuzendaritzak "entzungor" egiten duela uste du LABek. TTIPI TTAPA

Bertan behera utzitako Bideragarritasun Planaren edukian oinarritzen dela eta, urriaren 16ko bileratik alde egin zuen sindikatuak

Condesa taldearen barrenean dagoen Zalain Transformados lantegiko LAB sindikatuak, lantegiko zuzendaritzak “irailaren 18az geroztik langileen batzordeari, langile guziei eta lan harremanei egindako iruzur argia” salatu du.
LABek adierazitakoaren arabera, egun horretan “langileen batzordearen eta Zalain Transformados lantegiko zuzendaritzaren artean akordioa sinatu zen, zuzendaritzak uztailean aurkeztutako Bideragarritasun Plana bertan behera uzten zuena”. Izan ere Plan horrek 302 langileen plantillan 140 kaleratze planteatzen zituen. Gainera, enpresaren eta langileen etorkizuna bermatzeko negoziazio prozesua hasiko zela onartu zen, aldeko giro sozialean eta borondate onez.

 

Urriaren 16ko bileratik alde egin zuen LABek

LABek dioenez, berriz, “gaurko egunean zazpi bilera egin dira eta zuzendaritzak ez du uztailean aurkeztutakoarekin apurtzen duen inolako osagarririk aurkeztu, alderantziz baizik, bertan behera utzitako Bideragarritasun Planeko edukiak hartzen ditu oinarritzat”. Sindikatuaren ustez, lantegiko zuzendaritzaren jarrera “ez da egokiena egiazko negoziazio baten aldeko klima sortzeko”. Horregatik, urriaren 16an langileen batzordeak eta enpresako zuzendaritzak egiten ari ziren bileratik altxatu eta joan egin ziren LABeko kideak, erabaki hori hartzeko arrazoiak azalduz.
Zuzendaritzak egin duena “iruzurtzat” jotzeaz gain, LABen ustez “zuzendaritzak entzungor egiten dio langileen batzordetik behin eta berriz trasmititzen zaionari. Informazioa eta salaketa iritzi publikora ez iristea da kezkatzen dion gauza bakarra. Negoziazioaren edukia alde batera utzi, alde bakarreko erabakiak hartu ditu, bertzeak bertze mediku zerbitzua kentzea, EREa aplikatzen du modu arbitrario eta diskriminatorioan…”.
LABen erranetan, Zalaingo etorkizuna bermatuko duen “egiazko plan baten alde lanean segituko dute, enplegu egonkorraren alde langile guzien eskubideak errespetatuz eta galdera batekin bukatzen du bere idatzia: Zer gehiago gertatu behar du negoziatzearena denbora irabazteko ekimena eta, sindikatuen erantzuna anulatzeko eta zuzendaritzaren asmoak hobeki antolatzeko ekimena zela ikusteko?”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun