Bortzirietako Oinarrizko Jendarte Zerbitzuen Mankomunitateak kudeatu eta 21 gizarte eragilek sinatu duten Bateragarritasun hitzarmenaren barnean hainbat ekitaldi antolatu dira. Joan den ortziralean egindako prentsaurrean eman zuten ekitaldien berri Cederna-Garalur erakundeko Arantxa Arregik, Lesakako Osasun zentruko Belen Companys-ek eta Bortzirietako Jendarte Zerbitzuen Mankomunitateko Jokin Apezetxeak.
Honela, azaroaren 2tik abenduaren 24ra, jubiloteka eskainiko da astelehen eta asteazkenetan BerakoLagun Haundiak elkartearen egoitzan eta astearte eta ortzegunetan lesakako udal kiroldegian, 10:00etatik 13:00etara. Jubiloteka edo adintuen txoko honetan, mendekotasun maila bajua dutenei, kalitatezko atentzioa eta egokitutako jarduerak eskainiko zaizkie, beraien ahalmen eta gaitasunak jorratuz, zahartzearekin bat datozen gabezi eta ezintasunei aurre egiteko. Zerbitzu honetan izen emateko epea urriaren 26an ireki da eta horretarako 948 635036 telefonora deitu behar da. Kontuan hartu behar da Jubiloteka bakoitzean 15 lagunendako lekua izanen dela eta 20 euro ordaindu behar dela zerbitzu honengatik.
Tailerrak, solasaldia eta ludoteka
Azaroaren 17 eta 24an, berriz, giza baliabideak eta gatazken konponketarako tailerrak eskainiko da, bateragarritasunerako tresnak eskainiz. Lesakako Irain eskola publikoan emanen da tailerra 16:30etik 19:30era, eta haurtzaindegi zerbitzua ere eskainiko da. Modu berean, oraindik zehaztu gabeko egunean, gurasoen eskubideei buruzko eta guraso eta seme-alaben arteko harreman modelo berrien inguruko solasaldia eskainiko da Irain eskolan.
Bukatzeko, Eguberrietako oporretan, abenduaren 23tik urtarrilaren 8ra, ludoteka zerbitzua eskaini gogo da Arantzan, Etxalarren eta Igantzin, 10:00etatik 13:00etara. Herri bakoitzean 15 haurrendako lekua izanen da eta izen emateko epea abenduaren 14tik 18ra eskainiko da.