Berako karrikak jendez gainezka izan ziren igandean Lurraren Egunean. Goiza goibel eta euria egiteko itxurarekin hasi zen, baina Gure Txokoako antolatzaileek arriskatu eta postuak Altzate karrikan eta plazan paratzea erabaki zuten. Eta apostua ongi atera zitzaien, goiz osoa goibel izanagatik euririk ez baitzuen egin. Guzira 72 eskulangileen lanak ikusteko eta erosteko aukera izan zen eta bertze 23 salmenta postuetan elikagaiak eskaintzen zituzten. Horretaz gain, eskolan hainbat barazki, onddo eta fruitu ikus zitekeen, erakusketa txukunean.
Eskola barrenean, hamabigarren sagardo lehiaketako eta hogeita hirugarren gasna lehiaketako epaimahaiak lanean ari ziren. 23 botila sagardo eta 11 gasna aurkeztu ziren lehiaketara. Azkenean, sagardo lehiaketan Lesakako Lauen Ametsa baserriko Jose Mari Elgorriaga suertatu zen garaile eta 200 euroko saria eskuratu zuen.
Gasna lehiaketan, bi lehenbiziko sariak Arantzara joan ziren. Lehenbizikoa, 220 eurokoa, Serorenbordako Margarita Madariagak eskuratu zuen eta bigarrena, 100 eurokoa, Simonenborda Larreako Loli Mutuberriak. Hirugarren saria, 75 euro, Berako Alkebereako Isabel Bazterrikarentzat izan zen.
Bezperan ere bertze lehiaketa jokatu zen, barazkiopil lehiaketa eta lau kuadrilen artean, Ortzegunekoak taldeak aurkeztutakoa suertatu zen garaile.
Musika eskolaren 30. urteurrena
Lurraren Egunean ospakizun bikoitza zutenak Isidoro Fagoaga Musika Eskolakoak ziren. Aurten, eskolaren 30. urteurrena ospatzen ari dira eta igandean kalejira berezia egin zuten. Txistulari taldea, akordeolari eta trikitilari taldea eta musika banda, bakoitza bere aldetik ibili zen karrikaz karrika, ospakizunerako espreski egindako Ixidoro buruhaundia lagun zutela. Guzira 70 bat musikari ibili ziren.
Postuetan dastatzeko eskaintzen zituzten janariekin batera, Baztango koadrilla bat moxala erretzen ari zen burduntzian eta gero pintxoak eskaintzen zituen. Talogileak ere lan eta lan aritu ziren.
Bazkalonoan, pailazoen emanaldiaren ondotik, sagardo eta gasna lehiaketako sariak banatu ziren, gasna erdiaren enkantea egin zen, Jon Elizetxe eta Julen Zelaieta bertsotan ari ziren bitartean.