Lesakako Onin Udal Taldeak Juan Fermin Mitxelena alkatea salatu du, «komunikazioa mozteagatik eta informazio pribatua bortxatzeagatik». Deñe Abuin zinegotziak, Onineko zinegotzi eta taldeekin eta Aralarko Jon Abril eta Txentxo Jimenezekin agertu da prentsaurrera. Abuinek adierazi duenez, «Oninen informazio pribatua eta paperak dituen batzorde bileretako gelako armairua ireki eta giltzak eraman ditu, beraz, ez dakigu zer ikusi duen, zer eraman duen eta orain ezin dugu armairua itxi, edonoren esku dago gure dokumentazio pribatua, 2003tik honat bildutakoa, ez baitugu bertze inolako bulegorik lan hori egiteko». Horretaz gain, posta elektronikoaren sarbiderako pasahitza ere aldatu diotela salatu dute, «komunikazioa moztuz». Abuinek erran duenez, legez, udal talde guziek leku bat behar dute bere dokumentazioak gordetzeko eta alkateak egin duena «informazio bortxatze delitua da». Foruzaingoa ibili zen joan den astean Herriko Etxean eta Oninek auzia epaile batek erabakitzea nahi du. «Alkate kargua hartu eta 10 egunez hau dena egin du, aski da! Muga guziak gainditu ditu oraingoan» diote haserre Oninetik. «Cornelia Lekuonaren aferan ondoriorik gabe atera zen Juan Fermin, baina hemen azkenera arte ailegatu nahi dugu». Aralarren babesa ere izan du salaketan eta Txentxo Jimenezen ustez, “Parlamentuko presidenteak, alderdi parlamentarioekin horrelako zerbait eginen balu, eskandalu politiko izugarria izanen litzateke».
Akusazioa ukatu du PNVk
PNVk, aldiz, Oninen akusazioak ukatu ditu eta «txosten teknikoek ez dugula inolako informazioaren usurpaziorik egin erakutsiko dute». Juan Fermin Mitxelena alkatea Deñe Abuinekin solasten saiatuko zela dio PNVren idatziak, baina «honek ukatu egin zuen, afera moldatzeko inolako intentziorik erakutsi gabe eta egoera surrealista bat sortuz, gobernu aldaketa baten testuinguruan gertaera normalak direnekin». Ordenagailuan nahiz armarioetan dagoen informazioa ez duela inork ikusi eta ukitu dio alkateak eta armarioko giltzak kendu egin dituztela, orain irekiak geldituko direlako. “Bitarte honetan, ez nik eta ez inork ez dugu ordenagailutan sartzeko aukerarik izan” dio Juan Fermin Mitxelenak.
Oninen salaketa hagitz larria uste du PNVk, eta alkate aldaketa ez onartzearen ondorio dela uste du.