XXIII. Lurraren Eguna ospatuko da igandean Beran

TTIPI TTAPA 2009ko urriaren 23a

Hainbat barazki plazaratuko dira igande goizean Altzaten. TTIPI TTAPA

Larunbatean Lizuniagako Igoera eginen da

Urriaren 25ean, Berako Gure Txokoa elkarteak eta Kultur Batzordeak antolatutako XXIII. Lurraren Eguna eginen da. Goizeko 10.00etatik Altzaten eskulangileen azoka eta barazki erakusketa izanen da. 10:30ean argazki erakusketa izanen da Labiaga ikastolan. 11:00etan Bortzirietako XXIII. gasna lehiaketa eta XII. sagardo lehiaketak eginen dira Ricardo Baroja eskolan eta ordu berean trikitilari taldeak bere ibilaldia eginen du. 12:00etan Isidoro Fagoaga Musika Eskolaren 30. urteurrenaren kalejira berezia eginen da. 13:00etan Berako musika bandak Altzateko plazan kontzertua eskainiko du.
Arratsaldean, 16:30ean Hipo eta Tomax pailazoak izanen dira Altzateko plazan eta gero goizeko lehiaketetako sari banaketak eta enkantea eginen dira, Julen Zelaieta eta Jon Elizetxe bertsolariak ari diren bitartean.  Aipatzekoa da gasna lehiaketako lehen saria 220 euro eta oroigarria izanen dela, bigarrena 100 euro eta hirugarrena 75 eurokoa.  Sagardo lehiaketan 200 euroko sari bakarra emanen da, oroigarriarekin batera.
Gasna nahiz sagardo lehiaketetan parte hartzeko Bortzirietako ekoizle izan behar da eta barazkiak bezalaxe, gasna eta sagardo botilak igande goizeko 9.30ak baino lehen hartuko dituzte, ohi denez Ricardo Baroja eskolan. Gasna bakoitzaren truke 12 euro ordainduko dira eta bi sagardo botilaren truke 6 euro. Barazki erakusketara barazkiak ekartzen duen bakoitzari ere oparia emanen zaio.
18:00etan Gure Txokoako dantzariak ariko dira eta Trikidantz taldeak joko du.
Euria eginen balu ekitaldiak kiroldegian eta Altzateko pilotalekuan eginen dira.

Aipatzekoa da Berako Abesbatzak ere emanaldi berezia antolatu duela iganderako. Txinako Tian Jin hiriko unibertsitateko Peiyang Chorus abesbatzak kontzertua eskainiko du 20:00etan Kultur Etxean.

Lizuniagako Igoera eta barazki-opil lehiaketa larunbatean

Lurraren Eguneko egun handia igandekoa izanen bada ere, bezperan, larunbatean, Lizuniagako Igoera eginen da 17:00etan eta hirugarren urtez barazki-opil lehiaketa ere eginen da 19.00etan Altzaten, trikitilarien laguntzarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun