Giltzarri Abesbatzak kontzertua eskainiko du larunbatean Igantzin

TTIPI TTAPA 2009ko urriaren 22a

Bortzirietako eta inguruko herrietako 30 abeslarik osatzen dute Giltzarri abesbatza. TTIPI TTAPA

Igantziko Abesbatzaren XX. urteurreneko ospakizunen barrenean antolatu dute emanaldia

Urte osoan ari da Igantziko Abesbatza bere hogeigarren urteurrena ospatzen. Horretarako hainbat ekitaldi eta kontzertu antolatu ditu. Ziklo horri akabila emateko, larunbat honetan, urriak 24, Giltzarri Abesbatzaren emanaldia antolatu du. Kontzertua elizan izanen da, 20:30 aldera.


1996an sortutako abesbatza
Giltzarri abesbatza Bortzirietako eta inguruetako 30 abeslariz osatutako abesbatza da (Sunbilla, Etxalar, Igantzi, Lesaka, Hendaia, Irun eta Baztan). 1996. urtean sortu zen, inguru hauetako lagunen artean musika korala sustatzeko asmoz.
Abesbatzak, sortuz geroztik, Euskal Herrian zehar kontzertuak eskaintzeaz gain, Austrian, Frantzian, Gaztelan eta Kataluinian  ere eman ditu. 2008 urtean, Ejea de los Caballeros-eko abesbatzen lehiaketan parte hartu eta laugarren postua lortu zuen.



Abenduaren 19an emanaldi berezia
Eta urteurren ospakizunei akabila emateko, Igantziko Abesbatza ekitaldi berezia prestatzen ari da abenduaren 19rako. Egun horretan urtean zehar banaka gonbidatu dituen abesbatzak berriz gonbidatuko ditu, elkarrekin emanaldi bat eskaintzeko. Topaketa horretan bilduko dira, beraz, Giltzarri Abesbatza eta Beteluko, Berako, Lesakako eta Igantziko Abesbatza; azken finean, 20 urte horietan Igantziko Abesbatzak bide lagun izan dituenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun