Urriaren 23an irekiko dute N-121A errepidean Igantzi eta Bera arteko zati berria

TTIPI TTAPA 2009ko urr. 20a, 14:30

Amiselaietako tunela ere ortziralean irekiko dute, zazpi hilabeteko atzerapenarekin

Nafarroako Gobernuko Herrilan Departamentutik jakinarazi dutenez, ortziral honetan, urriaren 23an, irekiko dute N-121A errepidean Igantzi eta Bera arteko zati berria. Azken 7.870 metro horiek falta ziren errepide berria oso-osorik irekitzeko eta, azken ordukorik ez bada, ortziralean eginen dute, zazpi hilabeteko atzerapenarekin. Amiselaietako tunela ere egun berean irekiko dute, arazo geoteknologikoak moldatu eta gero.
Izan ere, Igantzi eta Etxalar arteko 4.150 metroko tartea eta Etxalar eta Bera arteko 3.720 metrokoa hasiera batean martxoaren 30erako ireki beharrak zituzten. Lanak egiteko arazo batzuk onartu ondotik ekainaren 30era zabaldu zuten eta gero irailaren 30era. Azkenean, urriaren 23an irekiko da.
Igantzi eta Etxalar arteko zatiak 4,15 kilometro ditu eta lau zubibiderekin gurutzatzen da Bidasoa erreka. Basataundiko tunela, 448 metrokoa, ere zati horretan dago eta 21,9 milioi euroko aurrekontua izan du.
Etxalar eta Bera arteko zatiak, berriz, 3,72 kilometro ditu eta bortz zubibide. Amiselaietako tunela, 405 metrokoa, ere egin dute. 21,2 milioi euroko inbertsioa egin da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun