Herriko bi artista aditzeko eta ikusteko aukera izanen da Berako Jamotenean, larunbat arratseko 20:00etan. Zehazki, Iglu ikuskizuna eskainiko dute, Isidoro Fagoaga Musika Eskolak, Berako Kultur Batzordearen laguntzaz antolatutako ekitaldian.
IGLU, Maddi Irazoki sortzailearen eta Joseba Irazoki musikariaren proiektu berria da. Bikote honek bideoa eta musika uztartzen duen emanaldi inprobisatua proposatzen du.
Barrenaren xokoak arakatuz, ikuslea kilikatzea da euren nahia. Inprobisazioak dakarren momentuko joko erakargarriak ikuslea eta artisten arteko hartu eman bat ahalbidetzen du. Iglu baten barruan egoteak sortzen ahal dituen sentimendu ezberdinak islatzea da beraien helburua. Horretarako, Josebak bere tramankuluekin sortzen dituen mikrosoinuetaz eta Maddik kamararekin lortzen dituen plano hurbiletaz baliatuko dira.
Udazkeneko Bira Arantzan
Udazkeneko Biraren barrenean, larunbat honetan, Tomania folk musika talde nafarrak zuzeneko emanaldia eskainiko du frontoian, arratseko 20:00etan.
Haurrendako zinema Etxalar eta Lesakan
Bortzirietako asteburuko kultur agendarekin segituz, Etxalarren haurrendako zinema izanen da ortziral arratsaldeko 19:00etan Kultur Etxean: “Perez Sagutxoa 2”, Euskarabideak antolatuta. Segidan, Marimendi emakume mendizale taldearen aurkezpena izanen da: “Elbrus, Europako gailurrera espedizioa”.
Lesakan ere haurrendako zinema izanen da larunbat arratsaldeko 17:00etan komentuan. Kasu honetan, “Winx, Erreinu galduaren sekretua” filmea izanen da ikusgai.