Berako Kultur Batzordeak Berako erraldoi berriak egiteko ideien lehiaketa egitea erabaki du

Aitor AROTZENA 2009ko urriaren 16a

San Esteban bestetan egin zuten azken ateraldia orain arteko erraldoiek, konpartsa berriarekin. Orain, erraldoi berriak egin nahi dira. Aitor AROTZENA

Lanak azaroaren 6a baino lehen aurkeztu behar dira

Berako Kultur Batzordeak Berako erraldoi berriak egiteko ideien lehiaketa egitea erabaki du. Lehiaketa adin guztietako beratar guztiei irekia dago, eta nahi hainbertze lan aurkeztu ahal izanen dira.
Parte hartzaileek Berako erraldoi berrietarako pertsonaien marrazkiak aurkeztu beharko dituzte. Pertsonaia bakoitza A-4 neurriko orri batean marraztuko da, koloretan, edozein teknika erabiliz. Nahi hainbertze pertsonaia aurkeztu ahal izanen da, erraldoiak lau izanen badira ere.
Kultur Batzordeak izendatuko duen epaimahaiak bereziki baloratuko du pertsonaiek Berako herriarekin duten lotura, euren artean gordetzen duten harmonia, eta bertze. Pertsonaia bakoitzarekin deskripzio labur bat bilduko da, zein petsonaia den, zein lotura duen Berako herriarekin... azalduko duena. Ez da onartuko, edozein arrazoirengatik, iraingarria izan daitekeen pertsonaiarik.
Pertsonaien originaltasuna eta diseinua baloratuko dira, baita erraldoi bihurtzeko duten erraztasuna, eta elementu eta apaingarri konplikaturik ez izatea, erraldoiak egitea zaildu dezaketen elementurik ez izatea.
Lanak 2009ko azaroaren 6a (ortzirala) baino lehen aurkeztu beharko dira Berako Herriko Etxeko Herritarren harrerarako bulegoan, lehiaketa hauetan ohikoa den sistema erabiliz.

Erraldoi saritu bakoitzeko 100 euroko saria
Hautatutako erraldoiak ez dute zertan egile bakarrarenak izan behar, ez proposamen bakarrekoak ere. Hautatutako erraldoi bakoitzaren egileari 100 euroko sari bat emanen zaio. Guztira lau sari egonen dira, gehienera ere.
Hautatutako erraldoiek aldaketak izan ditzakete. Erraldoiak egiterako orduan, ahalik eta fideltasunik handiena gordeko bada ere, antolatzaileek zein erraldoiak eginen dituztenek aldaketak egiteko aukera beretzat gordetzen dute.
Sariren bat, edo laurak, hutsik gelditzen ahal dira. Lanak ez dira itzuliko. Udalaren esku geldituko dira marrazkiak, eta Udalak berak erabakiko du zein erabilera eman.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun