Kontseiluak Hego Euskal Herriko udalen hizkuntza politika neurtu du, eta neurketen emaitzak argitaratu ditu. Emaitza kuantitatiboei dagokienez, 0tik 10erako tartean, Arantzako Udalak 9,09ko nota atera du, eta hamargarren postuan dago Hego Euskal Herrian neurtutako ehundik gora udalen sailkapenean. Horrez gain, Kontseiluak udalaren hizkuntza politikaren elementu positiboak eta hobetu beharrekoak zehaztu ditu.
Elementu positiboen artean, Arantzako udalak hizkuntza politikaren arloan bere gain hartu dituen erabaki orokorrak eta horiek gauzatzeko jarritako baliabide eta neurriak nabarmendu ditu.
Hobetu beharrekoen artean, berriz, udalari aholkularitza juridiko eta teknikoa eskaintzen dioten zerbitzu enpresek udalarekin izaten dituzten harremanak euskaraz izan ditzaten betearaztea, kontratazio irizpideak kasu guztietan jarri eta betearaztea eta, azkenik, udalak lagundutako hedabideen kasuan euskararen erabilera nolakoa izan behar duen arautzea nabarmendu ditu.
UEMAko herrian lehen hamar postuetan
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak UEMAko udalek lortutako emaitza onak nabarmendu ditu; izan ere, sailkapeneko aitzineko 10 postuetan UEMAko udalak daude. Jon Bollar UEMAko lehendakariaren aburuz, zenbakien gibelean UEMAko udalek hizkuntz politika bateratua gauzatzeko konpromisoa ikusten da, baita UEMAren ereduak euskararen normalizazioari onura dakarkiola ere.
Emaitzak onak izan arren, UEMAk autokritika egin eta harago iritsi nahi du, herriz herri zer hobetua dagoela nabarmendu baitu. Hobetzeko bidean, UEMAk euskalgintza aukeratu du bidelagun: batetik, udararen aitzinetik Kontseiluarekin hitzarmena sinatu zuen Beran ospatutako UEMA egunean, neurketen bidez udalen hizkuntza politikaren segimendua egiteko, eta, bertzetik, Behatokiarekin duela urte eta erdi sinatutako hitzarmena du, herritarrek hizkuntza kexak bideratzea bultzatzeko, baita udalen aurkakoak direnak ere.
Horrenbestez, UEMAren irakurketaren arabera, emaitzek adierazten dute UEMAren eredua baliagarria dela euskararen normalizazioan. Eredu horren muina udalerri euskaldunetan “euskarak lehentasunezko trataera garbia” izatea da, eta gaur egun 61 udal daude eredu horren baitan lanean. Nolanahi ere, Jon Bollarrek dei egin die gainerako udalerri euskaldunei UEMArekin bat egiteko eta ekainaren 13ko Berako UEMA Eguneko leloa bere egiteko: “Euskarak elkartzen gaitu”.