Berrizaungo Zerunetako bizilagunak kexu N-121Ako lanek baserri inguruetan utzi dituen ondorioengatik

Aitor AROTZENA 2009ko urriaren 14a

Belagiaren ordez harriak utzi dituzte Zeruneta atarian. Garai bateko bidexka errepide berrian hiltzen da eta trukean egin dioten "bidea" aski kaxkarra da, argazkian ageri denez. Aitor AROTZENA

Baserriko teilatua hondatua dago, belagian harriak utzi dituzte eta bide kaxkarra egin diete

Igantziko Berrizaun auzoko Zerunetako bizilagunek bere kezka eta arrenkura azaldu dute, N-121A errepideko berrikuntza lanen ondorioz baserriko teilatua, ondoko belagia eta bidearen egoeragatik.
Badirudi abudo xamar irekiko dutela Sunbilla eta Etxalar arteko zatia, eta horregatik, bere arazoa bazter batera utzi baino lehen salaketa egin nahi izan dute iritzi publikoaren aitzinean, “bi urtez eta hilabete batez etsipenez eta ixilean milaka kamioien joan-etorria sufritu ondotik, eguraldiaren arabera lohi edo hauts artean, argindarra, telefonoa, edo bidea moztuta”. Honela, Zerunetakoek baserri ondoko belagiaren egoera salatu dute, “lurren zabortegi bezala erabilia, hesitu gabe eta harriz betea”. Bere garaian aurkeztu ziren alegazioak eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean agertu direnak ere ez direla bete adierazi dute. Honela, kaltetua suertatu den ur-depositoa bezalako bertze bat eraikitzea eta tuberi berria egitea ageri da proiektuan, baina gaur egun tuberia zati bat agerian dago eta neguan ura hormatu egiten da. Baserriko teilatuan sortutako kalteak ere konpondu gabe daude, “ittoxura ugari ditugu eta baldintza hauetan bigarren negu atarian gaude”.

 

Bidearen ordez, ahuntz-bidea

Arestian aipatutako Nafarroako Aldizkari Ofizialean ageri denez, “kaltetua suertatu den bidea ordezkatzeko bide berri bat eginen da, zubibide berriaren azpitik pasatuz eta errepide berriaren paraleloan joanen dena”. Hemen dator, Zerunetako bizilagunen erranetan, “basoa gainezka jartzen duen ttantta, izan ere, bi aitzurkada emanez, edozein adjetibo negatibo jartzeko moduko bidaxka egin baitute, arriskutsua, penagarria, sinestezina, erabili ezina, etabar… ahuntz-bidea gehiago ematen du, kirol eskaladan edo trialean trebatzeko egokia”.
Zerunetako bizilagunek, egin den bidea eta gainerako guziak ikustera gonbidatzen dute nahi duen guzia eta honela bere ondorioak aterako ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun