PNVko Juan Fermin Mitxelena ofizialki Lesakako alkate izendatu zuten urriaren 9an, ortziral eguerdian egindako ez ohiko batzarrean. Espero bezala, kargua hartzeko bozketan, hautagai bakoitzak bere alderdikideen botua jaso zuen, 5 Juan Fermin Mitxelenak (PNV), 3 Deñe Abuinek (Onin) eta 2 Juan Carlos Ayalak (EA). Beraz, inork ez zuen gehiengo osorik lortu. Hasieran, bigarren batzar bat beharko zela uste bazen ere, ortziraleko plenoan bertan, automatikoki, udal hauteskundetan botu gehien jaso zuen hautagaia izendatu zuten alkate, Juan Fermin Mitxelena, alegia.
Aitzineko legealdian ere alkate izan zen Mitxelena eta ortziralean berriz kargua hartu zuenean, 2010eko udal aurrekontuetan lanean hasiko direla adierazi zuen, “azaroaren 29ko batzarrera aurkezteko”. Krisi egoeraren ondorioz, herritarren gustokoak ez diren zenbait neurri ere hartu beharko direla aipatu zuen eta alde horretatik, “besten aurrekontua %50era jausten segitu beharko dugu”.
Jose Manuel Merino izanen da Onineko zinegotzi berria
Bertze aldetik, eritasun baten ondorioz Onineko zinegotzi kargua utzi duen Fermin Altzugarairen ordezkoa Jose Manuel Merino izanen da. Abudo bere kargua hartuko du.