Zorionak hasiko zareten guztioi. Zorionak ikasteko gogoa duzuelako, ahalegina egiten ari zaretelako euskaraz mintzatzeko. Zorionak euskaraz irakurtzen eta idazten ikasten ari zaretelako. Zorionak zuen burua janzten ari zaretelako eta zuen denboraren zati bat horretan eman eta gozatu egiten duzuelako. Zoriontsuak, ordea, gu euskaldunok, dendara joan eta dendariak euskaraz egiten ahal digulako, zoriontsuak gu, Kutxako langileak euskaraz egiten ahal digulako, zoriontsuak gu, amak, gure ustez erdaldunak, bere seme-alabei euskaraz mintzatu eta eskolako lanetan laguntzen ahal diolako, zoriontsuak gu, herrian dabilen “beltxaran” horrek euskaraz solas egiten duelako, zoriontsuak gu, gure haurrek eskoletan euskaraz ikasten ahal dutelako. Baina guk ez al diogu gure buruari euskaraz jakin arren, irakurtzen eta idazten ikasteko gozamena eskaini behar? Ez al dugu beharrik ikusten euskaraz irakurtzen edo idazten ikasteko? Ez al da maingu izatea bezalakoa mintzatzen jakin bai, baina Iirakurtzen edo leitzen eta idazten edo eskribitzen, ez jakitea?
Ez al dizu minik ematen zure seme-alabei eskolako lanetan ezin lagundu izateak? Ez al lizuke poza emanen liburu bat edo edozein agiri (paper) euskaraz konprenitu eta zuk ere agiri hori euskaraz betetzeak?
Behin hauxe ikusi eta entzun nuen: “Gure herriko emakume bat osasun etxeko (autobusean) leihatilan erdaraz ari zen, kostata baldin bazen ere; juxtun-juxtun ari zen, hala ere elkarrizketa akautu zutenean papertxo bat eman zion bulegariak, eta erdaraz edo euskaraz nahi zuen galdetu zion, eta emakume euskaldun ia elebakarrak, erdarazkoa emateko eskatu zion”. Honek dena diola uste dut.
Mentxu PEÑA