Koxkor Biltze Txapelketako bertze bi txapel Itureren eta Beran dira bertze behin ere. Emakumezkoen Euskadiko Koxkor biltze Txapelketa Maika Ariztegi iturendarrak irabazi du aurten ere, eta gizonezkoen Nafarroako txapela, berriz, Fernando Etxegarai Etxegaraik. Bi txapelketak Igantziko besten barne jokatu ziren irailaren 26an.
Ariztegiren bederatzigarrena
Maika Ariztegik Euskadiko koxkor biltze Txapelketako bederatzigarren txapela izan du aurtengoa, eta 20 segundoko aldea atera zion Josune Gorostidi bigarren sailkatuari. 37 urteko iturendarrak marka berria ezarri zuen (07:23.05). Iaz 07:21ean egin zuen, baina frontoiak neurri ofizialak ez zituenez, ez zen homologatu.
Bost kirolari aritu ziren lehian eta honela sailkatu ziren: Maika Ariztegi, Josune Gorostidi (Txarama, Gipuzkoa), Nahiara Ferran (Gasteiz, Araba), Lurdes Intxausti (Idiazabal, Gipuzkoa) eta Itxaso Hernandez (Legutiano, Araba).
Bakoitzak ilaran jarritako 50 koxkor saskiratu behar izan zituen.
Etxegarai txapeldun eta Lasaga azpitxapeldun
Igantziko jaialdi berean, gizonezkoen Nafarroako Koxkor biltze Txapelketa jokatu zen, eta Fernando Etxegarai beratarrak irabazi zuen hamargarren aldiz. Bost kirolari lehiatu ziren eta hurrenkera honetan sailkatu ziren: Fernando Etxegarai (6:28.11), Andoni Lasaga (Etxalar, 6:28.85), Iñaki Ekisoain, Eder Goldarazena (Berriozar) eta Patxi Iratzoki (Igantzi). Iratzokik ez zuen lana bukatu.
Egin beharreko lana 1,25 metrotara eta bi lerrotan paratutako 50 txokor biltzea izan zen.