Eskulan eta gimnasia ikastaroak hasi dira

Nerea ALTZURI 2009ko urriaren 9a

TTIPI TTAPA

Uda pasatuta, eskolako ikasturtearekin batera ohiko ikastaroak hasi dira. Osasungarria da ariketa fisikoa egitea, eta orduan eta hobe, profesional baten eskutik baldin bada. Ba aspaldiko urteetan gure herrian arlo honetan, hainbat ikastaro ematen dira. Aurten, Ana Larretxea soinketa irakaslea hiru talderekin lanean hasi da. Astelehen eta asteazken arratsaldetan aritzen dira. Adinekoen taldean 12 lagun daude eta 17:30etik 18:30era aritzen dira; ondoren, hurrengo orduan, 18:30etik 19:30 bitarte mantenimendu ikastaroa izaten da eta momentuz sei lagunek eman dute izena. Hemen bereziki lagun gehiago anima­tzea nahi dute eta parte hartu nahi izanez gero, eskolara edo Pabloeneara ager­tzeko adierazi dute. Azkenik, gazteen taldean hamar-hamabi lagun daude eta 19:30etik 20:30era artean aritzen dira. Eskolako gimnasioan astean bi egunez, beraz, ariketa fisiko gidatua egiteko aukera dago.
Bertzalde, asteartetan, azken urteetan bezala Zahar Txokon eskulan ikastaroa izanen da. Aste honetan sei lagun Pui iruritar irakaslearekin hasi dira joan den astean eginiko bileraren ondotik. 17:30etik 19:30era eskulanak egiten aritzen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun