Urriaren 9an, ortziral eguerdiko 12:00etan eginen da Lesakan alkate berriaren karguhartze batzarra. Alkate izan nahi duen hautagaiak gehiengo osoa, 6 botu behar ditu, eta ez dirudi hori gertatuko denik. Dena den, PNVko Juan Fermin Mitxelena jarduneko alkatea da urriaren 2az geroztik, Koldo Erkiziak orduan gauzatu baitzuen bere dimisioa. Pleno hura Erkizia presidentzian zela hasi zen, baina dimisioa jakinarazi zenean, Mitxelenak hartu zuen mahaiburua. Beraz, ordutik alkate funtzioa behin behinekoz betetzen ari da. Batzar berean, Onineko Fermin Altzugaraik zinegotzi kargua utziko duela jakinarazi zen eta oraingoz ez du ordezkorik, zerrendan bere gibeletik zeuden bi lagunek kargua ez dutela hartu nahi adierazi baitute idatziz.
Urriaren 9ko batzarrean gehiengo osorik lortuko ez balu, bigarren batzar batean udal hauteskundetan botu gehien jaso zuen hautagaia, Juan Fermin Mitxelena, alegia, izendatuko dute. Koldo Erkiziak dimitituko zuela jakinarazi zuenetik gauzak zein abudo mugitu diren ikusita, PNVko zerrendaburua laister baino abudoago alkate izanen dela aurrikus daiteke.
Saneamendu lanetarako mailegua
Onin, Otsango eta Fraingo saneamendu-lanak finantzatzeko 315.650 euroko mailegua hitzartu du Udalak Nafarroako Kutxarekin, jasotako bi eskeintzen artean onena zelakoan. Ahobatez hartu zen erabakia, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko departamentuak Onbideratze-Plana onetsi eta gero. 20 urteko epea izanen du Udalak ordaintzeko.
Zergak eta tasak goiti
Udalak zergak biltzeko gaitasuna handitzea komenigarria ikusi du eta ahobatez, udal-kontribuzioak eguneratzea erabaki du, %3,2ko igoera aplikatuz. Udal-tasen tarifak eta zenbait zerga ere eguneratu ditu, Udalak dirua biltzeko gaitasunari euts diezaion. Igerilekuko eta zabortegiko edukiontzietako tarifak bakarrik falta dira zehazteko. Horiek hurrengo bilkura batean aztertuko ditu Udalak.