Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen eta Euskara Mankomunitateek, Inti Kausay etorkinen elkarteak eta Berako Udalak seigarren urtez antolatutako Mugarik Gabe Kulturarteko Topaketa arrakastatsua izan zen larunbatean Beran. Etorkinak gizarteratzeko eta kultura ezberdinak ezagutzera emateko helburuak ederki bete ziren eta hainbat lagun, bertan jaiotakoak nahiz kanpotik etorrita eta bertan lan egiten dutenak, bildu ziren Berako eskolako frontoian.
Lehenago, kiroldegian futbito txapelketaren finala jokatu zen eta Rangers taldeak 4 eta 1 irabazi zion Ekuadorko Los Colegas taldeari. Rangers taldean Gustavo Orellana, Andoni Riopedre, Luka Remiro, Ruben Pedrosa, Kevin Ibarburi, Fernando Iturria, Julen Errandonea, Imanol Oiartzabal, Jeremias Perez eta Elchamal Machado aritu ziren. Txapeldun izateaz gain, taldeko Andoni Riopedrek jokalari eta golegile onenaren sariak eskuratu zituen sari banaketan. Hirugarren postua Los New Latins taldearentzat izan zen eta laugarrena Mugarik Gabe taldearentzat.
Sari banaketa baino lehen, Bortzirietako Oinarrrizko Gizarte Zerbitzuetako Nazara Arregik euskaraz eta Inti Kausay taldeko Gina Cabrerak gazteleraz, egun honetarako prestatutako idatzia irakurri zuten.
Inti Kausayren manifestua
Honela zioen idatziak:
“Gizartea kolokan jartzen
Dagokionari:
Ostatu eman dizuegu eta beti ongi etorriak izan zarete, gaur egun arte. Ez dugu inoiz eskubideak aipatu, ematen zaizkizuelako. Hemen eskatu egin behar ditugu eta horrek ez du ostatu ematen diguna leku onean uzten.
Han edo hemen gizartea gara. Gizartea gara parte hartzen dugulako. Zergatik ez duzue onartu nahi? Gizartea zarete, gizartea gara.
Bidean elkar topatuko dugula dio esaldiak. Historiaren bide luze horretan. Han edo hemen, materia berarekin eginak gaude. Segregazioa ez da posible. Errealitatea burugogorra da, bidean gabiltza.
Ezikusiarena egiten baduzue, ikusmena galtzen duzue. Diskriminatu nahi bagaituzue, autoritate morala galtzen duzue. Lanerako, etxebizitza duinerako, konplexurik gabeko elkarbizitzarako eskubidea ukatzen badiguzue, ongizatea galtzen duzue.
Eskubideak ukatuz, edozein direla, edozeini dela, denok galtzen dugu. Baita zuen seme-alabek ere. Bizi dugun krisi ekonomikoak erakusten du hori. Adi egon! Gure izenean gizartea kolokan jartzen ari zarete. Eta zuen izenean mundua deshumanizatzen ari zarete”.
Ioar Tainta bertsolari lesakarrak ere etorkinek gure kultura aberasten dutela adierai zuen bi bertsotan.
Ekuador, Peru eta Argentinako dantzak
Segidan dantzarien txanda izan zen eta Ekuadorko Alma Latina eta Peruko La Marineraren dantzekin batera, Argentinako tango hunkigarria eskaini zuen bikote batek eta Argentinako kantu hori ere abestu zuen Cesan kantariak.
Mugarik Gabe Topaketaren seigarren edizio hau Ekuadorri eskainia zegoen eta dantzen ondotik, hango gastronomia ezagutzeko modua izan zen (arto errea, chochos, chaulofán, maduroak gaztarekin, patakonak edo saltsa pikantea), baina baita Argentinako haragi errea, krepeak eta matambrea edo Kubako mojitoa ere.
Larunbateko topaketa, nola ez, musikarekin eta dantzaldiarekin bukatu zen.