Berako Udalak Kaxernagaina ingurua egokitu nahi du eta horretarako, aterpe turistikoa egiteko azpiegiturak egokitzeko, Berako eskaintza turistikoa dibertsifikatzeko eta bideragarritasun estudioa egiteko proiektua idazteko kontratatzeko deialdia egin du. Gehienez ere 72.000 euroko aurrekontua izanen du eta hasierako proposamena urriaren 20a baino lehen aurkeztu beharko da Berako Herriko Etxean. Aurreproiektua azaroaren 20a baino lehen aurkeztu behar da eta oinarrizko proiiektua abenduaren 15erako aurkeztu behar da. Baldintza pleguak biltzen duenez, aterpeak lehen mailakoa izateko araudia bete behar du, 50 bat lagunendako jangela izanen du, harrera, denda, komunak, aldagela eta dutxentzako lekua, biltegia eta logela bikoitzak, familiendako logelak komunekin eta 2, 3, 6 eta 10 literakoak, bertze zenbait gelen artean.
Gaztetxea errespetatu beharko da
Kaxerna Frankismo garaian erabili zen mugimenduko emakumeen aterpe gisara eta gero Nafarroako Gobernuak hartu zuen, ikasleen erabilerako. Baina 1983 urte inguruan itxi eta geroztik aunitz hondatu da, erabilerarik eta mantenindurik gabe. Berriz ere Berako Udalaren esku gelditu zenerako, hagitz hondatua zegoen eta egokitzeko inbertsio handia behar duenez, ezin izan du orain arte deus egin. Kaxernaren zati bat herriko gazteek erabiltzen dute Gaztetxe gisara eta zati hori errespetatu beharko dela dio baldintza pleguak. Edozein moduz, eraikinaren egoera dela eta, aurreproiektua idazterakoan dena bota behar den edo moldatzearekin aski den aztertu beharko da.