Mugarik Gabe Topaketa seigarren urtez eginen da Beran larunbatean

Amaia eta Ainhoa 2009ko irailaren 29a

Inti Kausay elkarteko Sergio Paniagua, Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Naxzara Arregi eta Berako udal zinegotzia den Marisol Tabernak aurkeztu dute Mugarik Gabe topaketa Be

Etorkinak eskualdean gizarteratzeko eta herrialde bakoitzaren kultura hemen ere ezagutzeko helburuarekin

Etorkinak eskualdean gizarteratzeko helburuarekin, eta herrialde bakoitzaren kultura hemen ere ezagutzeko, Mugarik Gabe topaketa antolatu dute seigarren aldiz Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, Inti Kausay etorkinen elkarteak eta Berako Etorkin Batzordeak. Urriaren 3an, larunbatean eginen da Beran eta aitzinekoetan ez bezala, aurten herrialde bati eskainitakoa izanen da besta: Ekuador. Topaketa honen egitarauaren eta helburuen berri eman dute astearte goizean Berako Heriko Etxean Inti Kausay elkarteko Sergio Paniaguak, Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Nazara Arregik eta Marisol Taberna Berako zinegotziak.

 

Kultura ezberdinen arteko topaketa

Nazara Arregik aipatu duenez, topaketaren helburua “Bortzirietan gaur egun bizi diren kultura ezberdinen arteko topaketa bat egitea da, betiere herritarrak errealitate horren aitzinean sentsibilizatzeko asmoz”. Emandako datuen arabera, gaur egun Bortzirietako populazioaren %4 inguru etorkinek osatzen dute eta horien artean Ekuadorrekoa da gehiengoa. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako teknikariak aipatu duenez, “Etorkinen Harrera Bulegoaren bitartez, etorkinak harrera eta integratzeko pograma martxan jarri da Bortzirietan”. Aurtengo proposamenen artean, haur eta gazteendako Haur Txokoa eta ipuin eta margo lehiaketak daude, baita gaztelera ikastaroa, emakumeen baliabden ikastaroa, emakume talde bat osatzeko asmoarekin. Lan arloan, lanpostua eta integrazioa bilatzeko ibilbideak eta jarraipenak eskainiko dira eta etxebizitza arloan, alokairuan dauden etxebizitzen poltsa bat osatuko da. Sentsibilizazioari dagokionez, Mugarik Gabe Topaketaz gain, antzerki ikusgarri ezberdinak egin nahi dituzte abendura bitarte, baita Eguberrietako topaketa bat ere. “Pixkanaka urtero, beharren eta eskaeren arabera ekintza berriak aurrera eamaten saiatzen gara beti eta lhendik martxan daudenak mantenduaz beharrezkoak izaten segitzen duten bitartean” aipatu zuen Nazara Arregik.

 

Aurreiritziei aurre egiten

Marisol Tabernak gogoratu zuenez, Mugarik Gabe Beran hasi zen 2004. urtean eta “geroztik urtero antolatu dugu. Lehendabiziko hiru urteetan Beran egin zen, baina azken hiru urteetan Mankomunitatearen eskutik ari gara horretan eta deia Bortzirietako biztanle guziei egiten diegu”. Elkarbizitzan laguntzen ez duten aurreiritziei aurre egiteko hasi eta horretan segitzen dute. Etorkinen Batzordearen lana ere azpimarratu zuen, “udaleko ordezkariak eta herrian nahiz kanpoan jaiotako herritarrek osaten dute eta batzorde irekia da, edozeinek parte hartzen ahal du, bere iritzia eman, proposamenak egin”.  Orain arteko harrera ona izan dela ere aipatu du Tabernak, nahiz eta kanpotarrekin dirua gastatzen dela eta kritikaren bat jaso. Horren aitzinean, zera adierazi du zinegotziak: “hasiera hasieratik ekitaldi interkulturala antolatu dugu, helburua herritarren elkargunea bilatzea izan da, hemengo kultura eta bertze kulturak elkartu nahi ditugu, gure kultura indartu, bertzeak ezagutu eta noski, bertze herri batean jaio direnei erranen genieke ez ahazteko inoiz bere herria, beren ohiturak, beraien musikak”.

 

Egitarau zabala

Egun handia larunbata izanen bada ere, Mugarik Gabe nolabait hasi dela erraten ahal dela adierazi zuen Sergio Paniaguak, larunbatean futbito txapelketaren lehen kanporaketak jokatu baitziren kiroldegian. Zortzi taldeetatik lau gelditu dira eta urriaren 3an, hirugarren posturako lehia jokatuko dute 14:00etan eta finala 16:00etan. 17:00etan Inti Kausay elkarteak manifestuaren irakurketa eginen du. Segidan bertsolariak eta futbito txapelketako sari banaketa eginen da. 17:45ean: dantza saioak eskainiko dituzte Peruko La Marinera Norteña eta Ekuadorreko Alma Latina taldeek eta Argentinako tangoaz gozatzeko aukera ere izanen da Cesan kantariarekin.
19:00etan dastaketak izanen dira Inti Kausayren eskutik. Bertze urteetan hainbat herrialdeetako jakiak eta edariak izaten baziren ere, aurten batez ere Ekuadorreko gastronomian zentratuko direla jakinarazi zuten aurkezpenean. 20:00etan dantzaldia izanen da.
Aipatutakoaz gain, egun osoan haurren­tzako txokoa eta Amazoniako indigenei buruzko erakusketa eta bideoak izanen dira ikusgai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun