Ongi etorri Bittiriko bestetara

Utzitako argazkiak 2009ko irailaren 29a

Lesaka berriz ere berdez jantziko zela aurreikusi zitekeen, edozein aitzaki ona da pintura-esku berri bat emateko eta Bittiriako bestak beti elkargune interesga­rria izan da brotxa lodiko eta uniforme dotoreko pintoreendako.
Aldi honetan sorpresa zera izan zen, Bittiriako plazako aingeru guardakoek bestetako partaide izan nahi zutela, auzotarrekin trago batzuk hartuz txoznan. Guardia Zibilak auzoko pankarten edukia mozkortutako gazteekin nahasteko eta hauengana intimoki hurbildu eta bakoitza bere aldetik solasean hasteko gonbidapen bezala hartzen badu,  bi arazo serio ditugu.
Lehenbizikoak gatazka morala plantea­tzen du, eta balio-judiziorik eman nahi ez badut ere, ez dakit noraino onartzen ahal den lanean ari diren segurtasun indarretako bi kidek, duten kolorea dutela, alkohola kontsumitzea. Beharbada bere superioreei galde egin beharko zaie, nik ez baitut Benemeritaren barne araudiaren berririk, eta egia errateko, ez zait sobera interesatzen, baina niri ez zait gogoratzen edaten hastea, adibidez, testu hau idazten hasi baino lehen. Eta horixe da gertatu zena, lanean eta gidatzen hasi baino lehen edatea, nahiz eta apostu eginen nukeen euren Patrol bat ez dela alkoholemia kontrol baten gelditzeko hautagairik onena. Seguruenik bidea libre izanen zuten bertakoen lagun egiteko eta horrek bigarren puntura garamatza.
Ipuineko printzesek birjintasuna galdu dutenean eta gaiztoak zein diren badakigunean orain­dik engainatzen ahal gaituztela pentsatzeak, inozokeria baino gehiago adimen-gaitasun eza erakusten du, baina ho­rrek ere ez gaitu ezustean harrapatzen eta ulergarria da, talde horretako kide izateko eskatzen dituzten sarbide probak kontuan hartuta; adimen argitasuna ez da, noski, eskatzen duten baldin­tzetako bat.
Aurten txupinazoaren ondotik auto gonbidapena egin badute, heldu den urtean beharbada mahairen bat jarriko dute ordu batzuk lehenago eta bertzeekin batera tortilla lehiaketan parte har­tzeko modua izanen dute, perrexila eta piperrak bezalako osagai berdeekin irabazteko aukerarekin gainera.  
Datozen bestetan izan daitezkeen sorpresa berri­en esperoan, herriak berde izaten segitzeko aukera izanen du, urte osoan kolore horretakoa baita, nahiz eta udan indar berezia hartu. Baina tonu hori errepresioarena baino itxaropenarena izatea nahi nuke, biolen­tziak, pasiboa izanik ere, min egiten baitu edo gu­tti­enez, irain egin. Eta umemoko batek, definizio hori bere adinarengatik nahiz argi faltarengatik emanez, nahi bezain malagueñoa izanda ere, bere lankidearekin batera herri osoa plazatik botatzeko gai izatea (txoznan izandako estanpida Sanferminetako entzierrokoaren modukoa izan baitzen), ez da irabazitako partida bat. Edo bai? Irakurleak erabaki beharko du jendeak beldurrarengatik edo, sinpleki, nazkarengatik egin zuen ihes. Ez da egunero ikusten ez ze­rririk hegaka, ez behi arro­sarik ezta lanean ari diren berdeak kubatak eskuan dituztela.

 

O. KABELLO - LESAKA

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun