Irailaren 18an Euskara Batzordeak uda ondoko lehenengo bilkura egin zuen Herriko Etxean. Udaleko, Guraso Elkarteko, Gazte Asanbladako, eskolako eta Ekaitzako Elkarteko ordezkariak eta bortz herrietako euskara teknikari berria den Markel Lizasoain bildu ziren. Abuztu erdialdetik ari da lanean Markel. Euskara Batzordeko kideekin lehen hartu-emana izan zuen eta elkar ezagutzeaz gain, jorratu beharreko bi puntuei ekin zieten: Euskararen Buzoia eta Kultur Egunak.
Euskararen Buzoia
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta UEMAk bultzatutako Euskararen Buzoia ezaguna da. Euskal hiztunok hizkuntz eskubideak ditugu eta horiek urratzen direnean Euskaren Buzoia erabil dezakegu. Herritarroi hizkuntzarekin loturiko kexa aunitz sortzen ahal zaizkigu egunerokoan: administrazioan, batez ere herritik kanpo diputazioan eskatu beharreko paperekin; argindarraren faktura hartzerakoan edota jatetxe batera joan eta karta eskatzerakoan.
Herritarren eskura dago, beraz, buzoi hau Herriko Etxean, bulegoko ordutegian. Eta kexarekin batera norberaren datuak ere jarri behar dira. Gisa berean, hizkuntzari loturiko edozein esparrutan zoriontzeko ere erabil dezakegu.