Koldo Erkizia alkateak bere kargua utzi du irailaren 30ean, ez baitu bere gobernu sozioaren, Oninen laguntzarik eta babesik somatzen. «Koherentzia politikoarengatik, EAk hartutako konpromisoekin koherentziagatik eta herriarekin daukadan ardurarengatik alkatetza uztea erabaki dut» zioen Erkiziak. «Kontua ez da aulkiari nola edo hala eustea. Gaur egun Oninekin daukagun harremana kontuan hartuz, erabakirik zintzoena, etikoena, garbiena eta arduratsuena dela uste dut».
Azken hilabeteetan bere lanak Oninen konfidantza falta etengabearen eragina izan duela uste du Erkiziak, «zenbait udal batzordetan neukan presidentzia uzteko mozioak aurkeztu baititu plenoan, oposizioaren babesarekin». Gainera, «Onineko zinegotziek etengabeko txantaia egin diote alkatetzari, zentsura-mozio bat aurkezterarekin mehatxu eginez».
«Ez da inoiz Zentsura-moziorik aipatu»
Deñe Abuin, Onineko zinegotziak, aldiz, «zentsura-mozioa aurkezteko aukerarik ez dutela inoiz aipatu» erran digu. «Hitz horiek Erkiziak eta EAko bertze zinegotziak bakarrik erabili dituzte eta hor daude plenoetako aktak». Erkiziak alkatetza uztea «penagarria» iruditzen zaio Onineko zinegotziari, «berekin lan egiten ahal delako, baina PNVrekin hagitz zaila da». Abuinek onartu du azken hilabeteetan zenbait erabakitan ez direla ados egon EArekin. «Guk alkatetza aldatzeko botuak eman genizkion EAri. Udalean, 20 urtez PNVren menpe egon ondotik, lan egiteko modua aldatu behar zela pentsatzen genuen, baina ez zen inoiz hitzarmenik izan. Horregatik, erabaki bat egokia ez dela uste badugu kontra bozkatu dugu».
«Funtzionamendua normalduko dugu»
Juan Fermin Mitxelena, PNVko zerrendaburuak «harriduraz» hartu du Erkiziaren erabakia, «baina egiten ari diren lana eta bi sozioen artean duten harremana ikusiz, herriarentzako onena» dela uste du. Hauteskundetan botu gehien jaso zituen taldeko ordezkariaren arabera, «Herriko Etxean egiten ari diren lana kaxkarra da, eta erabaki aunitz eta handiak hartzen ari dira batzordeetan, gero plenotik pasatu gabe». Bertzelako hitzarmenik ezean, PNVk hartuko luke alkatetza eta «prest daudela» argi dauka Mitxelenak. «Horretarako aurkeztu eta lesakar gehienen babesa hartu genuen. Lehendik ere badakigu zer den gehiengo osorik gabe gobernatzea». Gobernu aldaketarako lehen urratsa irailaren 18an eman zen, Mitxelena lehen alkate-orde izendatu zutenean. Orain, hilabeteko epea izanen da karguhartze batzarra egiteko. Lehenengoan gehiengorik ez bada, bigarrenean alkate izanen da Mitxelena.