Pello Segurola azpeitiarra eta Artzai nagusitu ziren Igantziko XXX. Artzain Zakur lehiaketan

Aitor AROTZENA 2009ko irailaren 28a

Artzain eta zakurren lana ikusteko aukera izan zen igandean Meakaundiko zelaian. Aitor AROTZENA

Bihar San Migel eguna ospatuko dute Igantzin

Igantziko Artzai Zakur lehiaketaren hogeita hamargarren edizioa burutu zen igande arratsaldean Meakaundiko zelaian. Bertan, iaz bezalaxe, Pello Segurola azpeitiarra eta Artzai zakurra, nagusitu ziren, 232 punturekin. Bortz artzain eta zakur sailkatu ziren hondar probarako, baina Artzai izan zen lana bukatu zuen zakur bakarra: artaldea hesi borobilera sartu eta ateratzea, alegia. Bigarren postua Amaiurko Felix Irigoien artzaina eta Xatur zakurrarentzat izan zen, 205 punturekin. Xaturrek ardiak sartu bai, baina denboraren barrenean ezin izan zituen ateri. Hirugarren postua, Oiartzungo Mikel Garaiar artzainak eta Mendi zakurrak lortu zuten, 165 punturekin. Mikel Aizpuru oiartzuarra eta Juan Mihura lapurtarra ere sailkatu ziren azken saiorako. Aiako Pello Pagadizabal, Oronoz-Mugairiko Jorge Oteiza, Eibarko Jose Antonio Arribillaga eta Jean Paul Irikin lapurtarra ere aritu ziren Igantziko artzain zakur lehiaketan.  Eguraldi eguzkitsuak eta beharbada, Sanmigel besten barnean egoteak lagundu zuen eta jendetza polita bildu zen Meakaundiko zelaian, artzain eta zakurren ibiliak ikustera.

 

Bestak azken txanpan
Irailaren 29an, asteartean, San Migel egun handia ospatuko dute Igantzin. 10:00etan karrika buelta eginen da herriko dantzari eta txistulariekin. 11:30ean Meza Nagusia ospatuko dute San Migelen ohorez eta ondotik herriko dantzariek saioa eskainiko dute. Arratsaldeko 18:00etan pilota partidak jokatuko dira. Herriko gazteen arteko pilota partida lehenik eta gero, Frontis enpresako profesionalak. Lau terdiaren barrenean, Nagore Antxiaren kontra ariko da eta bikoteka Bengoetxea VII eta Mitxelena, Amantegi eta Arretxeren kontra. 22:00etan dantzaldia izanen da GAUBELA taldearekin.

Irailaren 30ean, asteartean, 10:00etan karrika buelta eginen da herriko txistulariekin eta trikitilariekin 10:00etan Kar eta Puzgarriak izanen dira ttikiendako eta eguerdian betizuak. 14:30ean herri bazkaria eginen da, Sustrai Kolina eta Andoni Egaña bertsolariekin 15:30ean, Kar eta Puzgarriak izanen dira berriz ere. 17:30ean Bonba japoniarrak botako dira. 18:00etan eta 20:00etan dantzaldia izanen da Joxe Angel akordeolariarekin eta tartean, 19:00etan, asto lasterketa eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun