Euskal Herriko koxkor biltzaileen bederatzigarren txapela jantzi zuen Maika Ariztegik, marka berria ezarriz

Aitor AROTZENA 2009ko irailaren 28a

Maika Ariztegik Iñaki Goienetxe Igantziko alkatearen eskutik hartu zuen Euskal Herriko txapela. Erdiko argazkian, Fernando Etxegarai txapelduna, Andoni Lasaga eta Ekisoainen artean. Beheitian, herri k

Fernando Etxegarai beratarrak Nafarroako hamargarren aldiz jantzi zuen, baina 74 zentesimako aldea bakarrik atera zion Andoni Lasaga etxalartarrari

Maika Ariztegi iturendarrak Euskadiko koxkor biltze txapelketa irabazi zuen larunbatean Igantzin. Bederatzigarren txapela izan zen Ariztegirentzat eta 7 minutu eta 23 segundu behar izan zituen 50 koxkorrak biltzeko.  Nafarroako eta Euskal Herriko errekorra egin zituen, gisa honetara 37 urteko iturendarrak. Joan den urtean Baliarrainen txapela jantzi zuenean 2 segundu guttiago behar izan zituen, 7 minutu eta 21 segundu, baina Baliarraingo frontoiko neurriak zirela eta, azken koxkorrak behar baino hurbilago zeudenez, ez zen marka ofiziala izan. Igantzin bai eta beraz, 7 minutu eta 23 segunduan gelditu da marka berria. Lehen aldiz 2000. urtean jantzi zuen txapela Ariztegik eta geroztik berak irabazi du urtero Euskal Herriko txapelketa, 2005. urtean izan ezik, orduan ez baitzuen parte hartu.
Maikak 20 segundu atera zizkion bigarren izan zen Txaramako (Gipuzkoa) Josune Gorostidiri (7:43) eta podiuma osatu zuen Naiara Ferran gasteiztarrak, 8 minutu eta 6 segundu behar izan zituen. Lurdes Intxausti Idiazabaltarra laugarren izan zen (8:08) eta Legutioko Itsaso Hernandez bosgarren (8:15).

 

Etxegarai doi-doi
Igantziko jaialdi berean, Nafarroako gizonezkoen koxkor biltze txapelketaren finala jokatu zen. Pronostikoak betez, Fernando Etxegarai beratarrak bere hamargarren txapela jantzi zuen, 6 minutu, 28 segundu eta 11 zentesimako denborarekin, baina behar baino lehenago ospatzen hasi zen, eta Andoni Lasaga 74 zentesimara lortu zuen azken koxkorra saskiratzea.  Beraz, segundu eskaseko aldea atera zuen Etxegaraik. Iñaki Ekisoain berriozartarrak osatu zuen podiuma, 6 minutu eta 36 segunduko denborarekin. Izan ere, Patxi Irazoki igantziarra ongi hasi zen, baina herrian txapela janzteko asmoarekin arriskatu egin zuen eta urrun xamarretik botatako lauzpabortz koxkor ez zituen saskiratu eta proba uztea erabaki zuen. Honela, laugarren postua partehartzaile gazteenarentzat, Berriozarko Eder Goldarazenarentzat izan zen, 7 minutu eta 10 segunduko denborarekin. Fernando Etxegaraik hamar txapel jantzi ditu Nafarroan. 199an lortu zuen lehenbizikoa eta geroztik beti bera izan da txapeldun, 2007. Urtean izan ezik, orduan ez baitzuen parte hartu.

 

Herri kirol saio bikaina

Txapelketa ofizialek ikusmina piztu bazuten ere, zer erranik ez Igantziko gazteek plantatu zuten herri kirol saio bikainak. Lehenik zakulari lasterketa berezia egin zuten, garai bateko kontrabandistak bezala, zubiak zeharkatuz, zerrakuren azpitik pasatuz edo hesiak saltatuz osatu zuten ibilbide, Angel Mari Peñagarikano eta Jexux Mari Irazu bertsolarien aholkuak segitzen zituzten bitartean. Gero, motozerren txanda izan zen eta bederatzi motozorrelarik lehia ikusgarria eskaini zuten. Proba asturiarraren txanda izan zen ondotik: motozerrarekin enbor puxka kozkorrak moztu ondotik, hauek aizkoraz pikatu eta txukun-txukun pilatzea. Bukatzeko, Igantzin berria den modalitate batean, zaku jaurtiketan, ere lehiatu ziren hiru herritar: Xabi Sein, Oskar Telletxea eta Iñaki Portu. Azkenean Portu nagusitu zen, zakua 5 metro eta 10 zentimetroko altueran zegoen makilaren gainetik pasatuta.
Baina, guttienekoa emaitza zen, berriz ere Igantziko gazteek herri kirolerako duten zaletasuna eta grina nabarmendu baitzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun