Euskadiko emakumezkoen eta Nafarroako gizonezkoen koxkor biltze txapelketak erabakiko dira irailaren 26an, larunbat arratsaldeko 18:00etan. Emakumezkoetan, Maika Ariztegi iturendarra, azken zazpi urtetako txapelduna izanen da Nafarroako ordezkari bakarra. Ariztegirekin batera Arabako bi ordezkari, Naiara Ferran gasteiztarra eta Legutioko Itxaso Hernandez eta Gipuzkoako bi beterana, Josune Gorostidi eta Lurdes Intxausti lehiatuko dira.
Gizonezkoen Nafarroako txapelketan, berriz, Fernando Etxegarai beratarra azken urteetako txapelari eusten saiatuko da. Euskal Herriko txapeldun ere izan da aurten eta bera da proba 6 minutu baino guttiagoan egin duen kirolari bakarra. Andoni Lasaga etxalartarra, Patxi Irazoki igantziarra eta Berriozarko Iñaki Ekisoain eta Eder Goldarazena saiatuko dira txapela kentzen.
Bigarren mailako aizkolari txapelketa igandean Uharten
Nafarroako bigarren mailako aizkolari txapelketaren finala jokatuko da igande arratsaldeko 17:30ean Uharten. Jon Rekondo leitzarra, Otsagiko Daniel Vicente, Berako Oihan Larretxea, Beintza-Labaiengo Xabier Mindegia eta Beintza-Labaiengo Jesus Etxeberria lehiatuko dira. Etxeberria berez seigarren izan zen kanporaketan, baina osasun arazoak direla eta, Patxi Mindegia zubietarrak ez du parte hartzerik izanen eta honen ordez ariko da. Aizkolariek bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat moztu beharko dute.