Azkeneko urteetako ohiturari eutsiz, aurten ere herri jolasak eta jokoak musika eta besta giroarekin uztartzen dituen Kulki ikuskizuna ekarri du Lesakako Tantirumairu ikastolako Guraso Elkarteak. Azken urteetan meatzarien edo artzainen jolas eta jokoak ekarri bazituzten, irailaren 23an, asteazken arratsaldean, arrantzale eta marinelekin lotutako jokuak ekarri zituzten: txinga eramatea, pirlak, zakulariak, bale xirristasareak konpontzeko etxola, txalupa kulunkaria, kataloxak eta ezkila, arrain eramateko gurdiak eta bertze hainbat. Kainaberarekin arrantzan ere ibili ziren Lesakako haurrak, arraultzeak eramaten, mastaren puntatik bandera pirata hartzen, xaguaren eta katuaren jokuan… Bertze batzuk, musika paratu zuten eta Kulkiko ikuskizuna gidatzen duen Luisfer Etxeberria goizuetarrak saxofoia jotzen zuela, haurrek bonboa, txindak eta bertzelako tresnak erabili zituzten.
Eguzkia lagun, arratsalde ederra pasatu zuten Lesakako neska-mutikoek.