Zangozan eta Donostiako pilota txapelketetan garaile atera da Igantziko bikotea

TTIPI TTAPA 2009ko ira. 22a, 12:46
Unai Telletxea eta Joseba Aldabek infantil mailako bi txapel haundi lortu dituzte uda honetan. TTIPI TTAPA

Unai Telletxeak eta Joseba Aldabek uda bikaina egin dute

Unai Telletxea eta Joseba Aldabek osatutako Igantziko Biltokiko infantil mailako pilotari bikoteak uda ederra burutu du. Zangozako txapelketa bikaina jokatu zuten eta zazpi partida bata bertzearen ondotik irabazita, txapel handia jantzi zuten. Txapelketa uztailaren 19an hasi zuten, Leitzako Aurrerako Xabi eta Ibairi 18 eta 12 irabaziz; uztailaren 26an Txaurtako Espelosin eta Azpirozi irabazi zieten igantziarrek, 18 eta 3; abuztuaren 2an, Oberenako Zamora eta Andueza izan zituzten arerio Telletxeak eta Aldabek, eta tantu bakarrean utzi zituzten; abuztuaren 16an 4 tantutan utzi zituzten Ilunberriko Carlos eta Ancin eta abuztuaren 23an, hutsean utzi zituzten Ander eta Iker.
Abuztuaren 30eko finalerdian Igantziko Biltokiko Telletxea eta Aldabek 18 eta 11 irabazi zieten Oberenako Espinal eta Anduezari. Honela, irailaren 6ko finalerako txartela eskuratu zuten eta finalean, lehen jardunaldiko bikote bera izan zuten kontrario, Leitzako Xabi eta Ibai. Finalak ezberdinak izaten omen dira, baina igantziarrek finalean ere ez zuten hutsik egin eta 18 eta 11 irabazi zieten leitzarrei.

 

Donostiako Aste Nagusian ere txapeldun
Donostiako Aste Nagusiko txapelketan ere Unai Telletxea eta Joseba Aldabek txapela jantzi zuten abuztuaren 13an. Finalean 18 eta 7 irabazi zieten Hernaniko Labaka eta Erasun-i. Aipatzekoa da Unai Telletxeak Leitzako txapelketan ere jokatu duela, Ordiziako Iker Iribarriarekin bikote eginez. Finalean urduri aritu ziren eta tantu bakarrarengatik galdu zuten Agirre eta Iruretagoienaren kontra, 17 eta 18.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun