Kirol Eguna ospatu zuten bosgarren urtez Beran

Aitor AROTZENA 2009ko irailaren 21a

Beran eskaini zuten erakustaldiaz gain, kenpo-kai ikasturtea urri hasieran hasiko da Beran, Etxalarren eta Urdazubin. Aitor AROTZENA

Kenpo-kai erakustaldia eta Marimendi eta Patxi Vilaren ikusentzunekoak aski interegarriak izan ziren

Berako bosgarren Kirol Eguna burutu zen larunbatean. Eguraldi kaxkarraren ondorioz edo, ez zen jende aunitzik animatu goizean antolatu ziren ekitaldietara. Halere, herri kirol ezberdinetan haur nahiz heldu dexente saiatu ziren, arpanan, koxkor biltzen, zakulari lasterketan… Kenpo-Kai erakustaldian ere jende aunitzek parte hartu zuen, Beran, Etxalarren edo Urdazubin aunitz baitira arte martzial honetan ari direnak.

 

Kenpo-kai ikasturtea hastear

Juan Mari Vidal, kenpo-kai irakasleak aipatu zigunez, Beran urriaren 3an eta Etxalarren urriaren 5ean hasiko dira klaseak eta nahi duen guziak parte har dezake. Berako helduek astelehen eta asteazkenetan 20:30etik 21:30era izanen dituzte klaseak eta 5-6 urtetik goitiko ttikiek larunbat goizeko 11:00etatik 14:00etara. Izen emateko Koro Iriarte irakaslearengana jo behar da, 680 317940 telefonora deituz.
Etxalarren, klaseak astelehenero emanen dira eskolan, 17:30etik 19:00etara. Interesatuek Modesto Ordokiri deitu behar diote, 686 557758 telefonora.
Urdazubin ortziraletan emanen dute ikastaroa, 19:00etatik 20:00etara ttikientzat eta 20:00etatik 21:30era. Interesatuek Juan Mari Vidalengana jo behar dute, 656 759566 telefonora.
Vidalek aipatu digunez, bertze herrietara ere ailegatu nahi lukete eta Igantzin eta Lekarozen taldeak sortzeko asmoa dute.

 

Marimendi eta Patxi Vilaren ikusentzunekoak

Marimendi taldeko emakumeek Europako gailurrik altuenera, Kaukasoko Elbrus mendira egindako espedizioaren berri eman zuten, Mentxu Peñak aurkeztutako ikusentzuneko interesgarri baten bitartez.
Bazkariaren ondotik, atletismo proba batzuk egin ziren kiroldegian eta gero, Patxi Vilak prestatutako ikusentzunekoa ikusgai izan zen, Berako txirrindulariak eskainitako azalpenekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun