139 txirrindularik parte hartu zuen Lesakako Mendi Bizikleta Ibilaldian

Aitor AROTZENA 2009ko irailaren 21a

Aitor AROTZENA

Euriari eta lohiari aurre egin behar izan zioten

Euriari eta ibilbidetan egin zen lohiari aurre eginez 139 txirrindularik parte hartu zuten Beti Gaztek bigarren urtez antolatutako mendi bizikleta ibilaldian. Horietatik gehienak 119k 42 kilometroko ibilbide luzea aukeratu zuten, plazatik abiatu eta Sastrin, Zumarrako bidegurutzea, Agiña, Gardelko Pagoeta, Alasta, Amargun, Baldrun, Alkaiaga, Berrotaran eta Otsangon barna pasatu ondotik, Plaza Zaharrean helmuga zuena. Nahiz eta proba lehiakorra ez izan, mendi bizikletan konpetizioan ibiltzen diren bi txirrindulari handi izan ziren bizkorrenak: Asier Apezetxea aranztarrak bi ordu eskas behar izan zituen ibilbidea osatzeko eta Joxe Mari Goia igantziarra izan zen bigarren. Hogei lagunak ibilbide laburra aukeratu zuten.

 

Zozketak

Helmugan zenbait sari zozketatu ziren eta horien artean potoloena, Katea-Bikek emandako mendi bizikleta, Miguel Solano beratarrari egokitu zitzaion. Antolatzaileak gustura zeuden, aurreikuspen guziak gainditu baitzituen partehartzeak. Iaz, eguraldi onarekin ehun lagun atera ziren eta aurten, euria eta hotzarekin, 40 gehiago. Gainera, lohiaren ondorioz erorikoren bat izan bazen ere, ez zen istripu larririk gertatu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun