Irailaren 18an, ortziral arratsean Lesakako Herriko Etxean egindako ez ohiko batzarrean Juan Fermin Mitxelena (PNV) izendatu zuten lehen alkate orde. PNVko zerrendaburuak Onineko Deñe Abuin ordezkatuko du eta gisa honetara, Lesakako udal gobernua eskuz aldatzeko bigarren urratsa gauzatu zen, joan den astelehenean EAko Koldo Erkizia alkateak kargua utziko zuela iragarri eta gero. Juan Carlos Ayala (EA), bigarren alkate-ordea izanen da. Modu berean, bere dimisioa gauzatu artean, batzorde informatibo guzien burua hartu du Koldo Erkiziak.
Kargu aldaketa eta bertze hamabi puntu eztabaidatzeko ordu laurden bat aski izan zuten plenoan. Ezker abertzaleko hautetsiek ez zuten hitza hartzerik izan, baina Herriko Etxean lan egiteko borondatea erakutsi zuten. Udal hauteskundeetan bi zinegotzi lortu zituzten, baina Partiduen Legearen ondorioz kargugabetu zituzten.
Oninen idatzia
Ez zen bertzelako eztabaidarik izan batzarrean, baina Oninek idatzi bat banatu zuen, prentsan azken egunean azaldutakoak argitzeko.
Oninek dioenez, “Koldo Erkiziari gure babesa eman genionean, PNVk Lesakan 20 urtez izan zuen gestio-estilo eta gobernatzeko modu bat aldatzeko asmoz eman genion. Batzuetan asmatuz eta bertzeetan ez, bi urte hauetan zenbait proiektu gauzatu edo martxan jarri ahal izan ditugu, PNV alkatetzan eta gu oposizioan izanik, lortuko ez genituzkenak”.
Udala osatu zenean, PNVk ez zuen batzorderik ezta organu kolejiaturik hartu nahi izan, eta horrek eragin zuen batzordeak banatzerako orduan Oninek lau zinegotzirekin EAk alkate eta zinegotzi batekin zuena baino presentzia gehiuago edukitzea. Oninen arabera, “alde bakarreko edo pertsona bakarraren ekimenak egiteaz akusatzen gaituztenean, lehendik onartutako proiektuetan edo eguneroko funtzionamenduan izan dela erran behar dugu eta hori azken hilabetetan areagotu egin da, alkatearen presentzia eskasaren ondorioz”.
Bi urte hauetan ezadostasun gutti izan dituztela dio Oninen idatziak, baina bi gai zehatzek bi taldeen arteko harremanak gaiztotu omen dituzte: Nabazen hirigintza garapenerako proposamena, 320 etxebizitzarekin, alde batetik eta alkatearen jarrera eta ekimena oihangintza enpresa baten zorrarekin, 2007garren urtetik datorren 40.000 euroko zorra eta bere atzerapenak izan dituena. Oninen erranetan, “azken kasu honetan, txantaia egin diogula dio alkateak. Azalpenak eskatu dizkiogunean, ekaineko plenoan aurkeztu genuen idatzia aipatzen du, zor honen inguruan berak egindakoaz desmarkatu ginenean. Inoiz ere ez genuen zentsura-moziorik aurkeztu, eta horrelaxe ageri da pleno horren aktan. Kontuhartzailearen txostenaren berri izan genuenetik gure jarrera azaldu genion, udalaren aholkulari ekonomikoaren aholkuak segitzea, hain zuzen. Alkateak bakar-bakarrik bere ardura zela erran zuenean, plenoaren gai-ordenean azaldu zedila eskatu genion, Oninen bere jarrerarekin ados ez zegoela garbi geldi zedin. Alkateak ez zuen horrelakorik egin. Horregatik, plenoan irakurri genuen idatzia eman genion, gure jarrera azalduz eta Mendi Batzordea utz zezan eskatuz”.
Dimisioari dagokionez, alkateak dimisioa ematea gobernatzeko konfidantza nahikorik ez duelako “logikoa eta hagitz errespetagarria” iruditzen zaio Onin udal taldeari, “baina ezin da egia manipulatu eta horri txantaia eta babes eza deitu. Oninek ez du sekulan txantaiarik egin eta gobernuan egoteagatik ez dugu inoren interes pertsonalak babestuko. Nahiago dugu oposizioan egon eta hortik lan egin uzten gaituzten neurrian, lesakarrekin hartu genuen konpromisoa betetzea saiatuz”.
Juan Fermin Mitxelena, alkatetza bidean
Koldo Erkiziaren dimisioa gauzatzen denean, irailaren 30ean, lehen alkate ordea, Juan Fermin Mitxelena izanen da behin behineko alkate eta hilabeteko epea izanen da, karguhartze batzarra deitzeko. Gehiengo osoa lortzen duen hautagaia izanen da alkate, baina halakorik gertatuko ez balitz, bigarren batzar batean, botu gehien jaso duen taldeko zerrendaburua izanen da alkate. Beraz, PNVko Juan Fermin Mitxelena berriz ere alkate izanen dela ematen du.