Gizarte Zerbitzuak etxean erabiltzen ez den material ortoprotesikoa bere esku uzteko deia egin du

Aitor AROTZENA 2009ko irailaren 17a

Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eskaintzen dituen zerbitzuen artean, material ortoprotesikoa uzten dio behar duen pertsonari. Hau da, gurpildun aulkiak, taka-takak, makuluak, ohatze artikulatuak, eskararen aurkako kuxinak, garabiak eta mugitzeko zailtasunak dituen jendeak behar dituen bertzelako tresnak eskura daitezke eta aukera ona da, bizi garen krisi garai honetan horrelako gastuei aurre egin beharrik ez izateko. Baina aunitzetan jendearen beharra eskaintza baino handiagoa denez, Mankomunitatetik eskaera egin dute gisa honetako materiala etxean eduki eta erabiltzen ez duenak, bertzeen esku utz dezan. Izan ere, aunitzetan material horiek aldi baterako bakarrik behar ditu jendeak eta gero, etxeko zokoren batean uzten ditu. Baina beharbada material horren beharrean egon daiteke jendea eta berriz ere erabilgarritasuna emateko, aski da Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetara deitzea, 948 635036 telefonora eta horren berri ematea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun