Koldo Erkiziak Lesakako alkatetza uzteko “erabaki atzeraezinaren” berri eman zuenetik gauzak azkar doaz Lesakako Herriko Etxean eta botere aldaketa gauzatzeko egin beharrekoak abudo egiten ari dira. Honela, ortziral honetarako ez ohiko batzarra deitua da eta bertan PNVko Juan Fermin Mitxelena izendatuko dute alkateorde, Onineko Deñe Abuinen ordez.
Koldo Erkiziak jakinarazi duenez, ”alkate kargua utzi arte batzorde guzietako presidentetza hartuko dut, esku artean ditugun lanak bukatzeko”. Bere kargua hartzen duena laguntzeko borondatea ere azaldu du.
Juan Fermin Mitxelena alkate
Itxura batean, garbi dago Lesakako hurrengo alkatea PNVko Juan Fermin Mitxelena izanen dela. Ortziraletik aitzinera alkateordea izanen den neurrian, Koldo Erkiziak alkatetza uzten duenean, irailaren 30ean, bera izanen da behin behineko alkate. Gero, hilabeteko epea izanen da behin betiko alkatea aukeratzeko. Hautagairen batek gehiengo osoa hartzen badu bera izanen da izendatua. Halakorik gertatuko ez balitz, hauteskundeetan botu gehien jaso zuen taldeko burua izanen da. PNVk eskuratu zituen botu gehien 2007ko udal hauteskundetan. Alderdi honetako herri batzarra astelehenean bertan bildu zen, Erkiziak kargua utziko zuela jakinarazi zuenean eta ahobatez babestu zuen Mitxelena alkate kargurako. Juan Ferminek aipatu digunez, “politikan ez da inoiz jakiten, baina ez dut uste inolako maniobra arrarorik izanen denik, EA eta Oninen arteko harremana hautsia baitago. Gainera, EAtik ahoz aipatu digutenez, gurekin udaletxean parte hartzeko asmoa dute”.
Oninek ere garbi du udal gobernuan duten partehartzea galduko dutela. Deñe Abuinek aipatutakoaren arabera, “garbi dago aldaketa lehenbailehen egin nahi dutela eta guregana datozen herritarrak, zuzenean Koldorengana bidaltzen ditugu dagoeneko”.